Antzuola erreka herriko plazaren azpiko aldetik pasatu da orain dela gutxi arte. Uholde arriskua ikusita, aldaketak egin behar zirela ikusi zuten. Helburua arriskua ekiditea, edo ahalik eta gehien murriztea da. Horrela, bada, erreka zati batzutan bistaratuta egongo da eta plazako etxeen ostean gainezkabidea eraiki dute. Lanak abuzturako amaituta egongo direla espero du Udaleko Hirigintza teknikari Valen Moñuxek.
Erreka bideratzearen arrazoiak azaltzea, zaila dela dio Moñuxek. "Kalkuluak egin eta gero, erabakia hartu genuen ubide normala ez zela nahikoa ur dena hartzeko. Ubide handiagoa behar zela argi ikusten zen. Bi aukera zeuden horren aurrean: lehena, plazan ubide handi bat ateratzea oso.oso handia, horrek suposatzen zuen bi etxe botatzea, eta bigarrena, bi ubide egitea, atzetik bat eta aurretik beste bat. Azkenean, bigarrena egitea hobe zela ikusi genuen".
Plaza mantendu dute
Herritarren artean eztabaida sortu duen gaia izan da erreka. Hala ere, azkeneko emaitza ikusita, jendea pozik geratzeko modukoa delakoan dago Moñux. "Hidraulikoki begiratuta irtenbide ona izan da: lehengo ubidea baino lau aldiz gehiago daukagu orain. Lehen 11 metro karratuko sekzioa zuen, eta orain 40koa. Irabazi dena asko da".
Errekako lanak amaitzeko azkeneko detaileak falta dira Hirigintzako teknikariak azaldu duenez. "Plazako lanak amaituta daude, baina atzekoak falta dira. Gainera, plazatik Mañarieta auzora ibiltzeko oso bide polita atera da, baina hori ere bukatzeko dago. Maiatzean amaitzea espero zen, baina abuzturako amaituko dugu".