Errekari "errespetu falta"
Plan hori orain egitearen zergatiaren gainean galdetu diogu Valen Moñuxi, Mankomunitateko
Hirigintza batzordeko kideari: "Garapen garaietan, 60-70eko hamarkadetan, inongo errespeturik ez zitzaion errekari, asko eraikitzen zen; orain, aldiz, guztiz kontrakoa gertatzen ari da; hau da, egoera hori guztia oso kontuan hartzen hasi dira. Kontuan hartu behar da Gipuzkoako orografiak asko baldintzatzen duela, eta horri Eusko Jaurlaritzaren plana gehitzen badiogu, ezinezkoa da etxebizitzak eraikitzea, lantegiak haztea..." Antzuolari dagokionez, gune batzuei eragiten die Eusko Jaurlaritzaren plan horrek: Ipurtikako ibarbidea, adibidez. Gune horretan, ibai arroa goian aipatutako neurria baino handiagoa da; beraz, gune industriala bertan egiteko aukera baztertuta gelditzen da, ibai-ibilgua desbideratu beharko litzatekeelako, eta Eusko Jaurlaritzaren planak hori baztertu egiten du. Hala eta guztiz ere, Mankomunitatearen alegazioan, aurreko hori posible izan den adibide bat agertzen da: Astigarragan Oria ibai-ibilguaren aldaketa Abiadura Handiko Trena dela-eta. Plan horrek, bestalde, baztertu egiten du inongo etxebizitzarik edo eraikin berririk egitea; onartzen duen irizpide bakarra leku aldaketa da, eta, noski, hori diru asko da.
Antzuolan eragina
Irizpide horrek Antzuolako gune historikoan izan dezake eragina, baita Kalegoi eta Buztinzuriko eraikin berrietan ere. Goizper lantegiaren kasuan, konplexuagoa da: bertan badago eraiki daitekeen gune bat, baina Jaurlaritzaren planak ez du uzten, Irain errekastoa datozen 10, 100 eta 500 urteetan zehar errekaren ibilbide aldaketan eraginik ez izateko bideratu zuelako bere garaian.