Emaztegaiaren arreoa ikusgai dago Olaranen

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko uzt. 6a, 14:49
Hurrengo asteburuko domekan, uztailaren 15ean, ezkontza oso berezi batera gonbidatuta gaude guztiok. Anelkarrek antolatu du, Antzuolako herriko plazan egingo dute eta dagoeneko prest daude ezkongaiak, senitartekoak eta arreoa.

Antzuolako Olaran etxean ikusgai dago domekara arte Antzuolako antzinako ezkontzan emaztegaiak eramango duen arreoa. Izarak, altzariak, jantziak… Altxor txiki asko, guztiak 110 urtetik gorakoak eta herriko hainbat familiak urteetan gorde eta orain utzitakoak. Guztiak balore sentimental ikaragarrikoak.

Erakusketa zapatu eta domekan
Erakusketa zapatu eta domekan egongo da ikusgai, hilaren 7 eta 8an, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Erakusketa honen inguruan, baina, mugimendu asko dago egunotan. Ezkongaiak, hauen senitartekoak, apaiza, alkate-alkatesa, monagilloak, notarioa… 40 bat lagun inguruk antzeztuko dute hilaren 15ean antzinako ezkontza. Bitartean, Anelkarrek pintxoak eta sagardoa salduko ditu euren proiektu solidarioendako dirua ateratzeko.

Barikuan gonbidapenak banatuko dituzte
Domekan, hilaren 15ean, Antiguako ermitatik abiatuko da komitaba guztia. Gonbidapenak ere banatuko dituzte. Hurrengo barikuan izango da hori. Bien bitartean erakusketa zoragarri bat ikusteko aukera dago Olaran etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak