Denbora kontua da soilik obrak noiz hasiko diren, izan ere, Aldundiak hitzezko baimena eman zien.
Lanen ardura duten herritarren batzordearen nahia da lanak lehenbailehen hastea, ez bakarrik denbora aurreratzeko, baizik eta garaia delako egokia: "Barruko obrak direnez, gremioei ere interesatzen zaie neguan barruan lan egitea", dio batzordeko kide Basili Ormazabalek.
Herritarrek parrokia hustu zuten azaroan, eta kontratistarekin tratua ere egin zuten: Goitu enpresak egingo ditu lanak.
"Orain berotasunean gaude"
Azaro bukaeraz geroztik, eliztarrek bi lekutan entzuten dute meza: domeketakoa eta hileta elizkizunak Antiguako elizan esaten dira; eta aste barrukoa, Accion Catolica zenaren lokalean, parrokia alboan. Ordutegiak betikoak dira: 19:00etan, aste barruan; eta 11:00etan, domeketan. Basili Ormazabalek dioskunez, eliztarrak gustura daude, eta ustekabeko abantailak ere topatu dizkiote egoera berriari: "Antiguako eliza oso polita da; eta Accion Catolican ere lokala egokitu dugu, orain bizpahiru hilabete margotu eta txukundu zen, bankuak eta aldarea ipini genituen, eta oso ondo dago. Horrez gain, parrokia hain handia denez, berogailua ez zen pizten; eta orain, aldiz, berotasunean gaude". Alde txarrek ere espazio txikiarekin zerikusia dute: "Hileta elizkizunak egiteko Antigua ez da hain egokia; joan den astean hileta izan zen, eta 400 lagun etorri ziren; bada, ehun inguruk kanpoan geratu behar izan zuten". Ohiko mezetan ez da horrelakorik gertatzen, hala ere: batez beste, 150 lagun joaten dira domeketako meza entzutera, eta astegunetako mezetara, batez beste, 20 lagun.
Ohiko lagun kopuru hori kontuan izan dute batzordeko kideek parrokiaren eraberritze proiektua egiteko orduan: "Berrikuntzen artean, gure asmoa da sakristia egokitzea mezak esateko; aldare txiki bat ipini nahi dugu hantxe. Aste barruan mezak esateko lekua izan dadin nahi dugu", azaltzen du Basili Ormazabalek.
Datorren urte osoan
Bigarren fasean, orain hasiko denean, honako berrikuntza lanak egingo dituzte: eliza margotu; argindar eta berogailu sistema berritu; zorua konpondu; megafonia berria instalatu; korua txukundu; eta gurpildun jesarlekuan daudenendako eta, oro har, gutxitasun fisikoak dituztenendako bere egunean egokitu zuten sarrera txukundu.
Hirugarren fase baten, aldareak txukundu, kupulan dauden margoak berritu eta organoa ere berritu egingo dituzte. Lan horiek guztiek luze joko dute: "Hamar hileko epea daukagu; kontuak kontu, datorren urte osoa joango zaigu obretan", dio Basili Ormazabalek.