Torresoroako Eguneko Zentroak hasieratik izan du herritarren beharrei egokitzeko bokazioa, eta haien premien araberako zerbitzua ematea. Bide horretan jarraituta, bere eskaintzan aukera berriak daude: batetik, memoria tailerra; eta, bestetik, zerbitzua kartara, norberak komeni zaizkion egun eta ordutegietan erabil dezan Eguneko Zentroa.
Berritasunon gainean hitz egiten digu Udaleko Gizarte Ongizate saileko teknikari Karmele Kortak: "Memoria tailerra urri hasieratik azaro erdialdera egingo dugu, proba moduan. Zentroaren ordutegitik kanpo izango da, 18:00etatik 19:45era. Batez ere, 60 urtetik gorako erretiratuei dago zuzenduta, taldea homogeneoa izan dadin, baina adin horretatik azpiko bateren batek beharra baldin badauka ere aztertuko genuke. Ikastaroa doan da". Kortak gaineratzen du, hasieran, ikastaro horixe egingo dutela, eta gero ikusiko dutela jarraitu edo ez. Izenemate epea zabalik dago irailaren 30era arte, eta dagoeneko herritarren batek interesa agertu du. Tailerrean parte hartzeko ez dago Eguneko Zentroko ohiko erabiltzaile izan beharrik: "Zentrora gerturatzen den edozein herritarrek zabalik ditu ateak, eta erretiratu guztiei eskaini nahi diegu zerbitzu hori", esaten du Gizarte Ongizateko teknikariak.
Egun solteetan joan daiteke
Memoria tailerra adibide bat da; Eguneko Zentroak bere eskaintza osoa antzuolarron arabera egokitzen jarraitzen du, eta beste berritasun nagusia horixe da: "Gogorarazi nahi diogu jendeari zentroa bere beharretara erabiltzeko aukera duela. Horregatik, goizez bakarrik, arratsaldez bakarrik, egun batzuk… erabili nahi duenak hala egin dezake", dio Karmele Kortak. "Batzuk goizeko lehen orduan etorri eta 17:30 arte egongo dira zentroan, eta egunero; baina beste batzuek noizean behin, beti goizean, beti arratsaldean, pare bat egun edo bakarrik bazkaltzeko behar izango dute", gaineratzen du.
Foru Aldundiaren tarifen arabera, egun osoan erabiltzen duenak 13 euro ordaindu behar du eguneko; egun solteetan joaten denak ere tarifa bera izango du. Egun erdiz joaten denak tarifa horren erdia ordainduko du; eta jangela bakarrik erabili behar duenak, 6 euro. Azken aukera hori –jangela bakarrik– ere nahiko berria da: orain hilabete batzuk hasi ziren hori ematen Eguneko Zentroan. Bakarrik bazkaltzera joan nahi dutenek arduradunekin hitz egin behar dute lehenengo: "Guri aldez aurretik jakinarazi behar digute ze behar izango dituen pertsona horrek: adibidez, astean egun baten, bitan… etorriko dela; edo egun jakin baten etorri behar bada ere, aldez aurretik abisatu behar digute", esaten du Kortak.
Bergarakoak ere Antzuolan
Orain, Bergarako Eguneko Zentroa itxita dago, berria egiten dabiltzalako –datorren hilean irekitzeko asmoa dago–, eta Bergarako erabiltzaileak ere hartzen ditu egunotan Antzuolako zentroak. Nagusiendako lau etxebizitza tutelatu ere badaude Torresoroan.
Autobusa eta otorduak ere barne
Irailean, hain justu, bi urte egingo ditu zabalik Torresoroako Eguneko Zentroak. Hasieratik, helburua izan da jendearen eskaerari erantzutea. "Herri txiki bateko zentroa da, eta dauzkagun aukerekin ahalik eta zerbitzu bariatuena eman nahi dugu", esaten du Udaleko Gizarte Ongizateko teknikari Karmele Kortak.
Tarifak Foru Aldundiak ezartzen ditu, eta horren barruan daude garraioa, bazkaria eta merienda, eta zentroko zerbitzu guztiak. Han, "pertsonen araberako kopuruan" ibiltzen dira langileak; bestalde, terapia begiralea dago, fisioterapeuta bat etortzen da astean behin, eta aipatu behar da bazkaria han bertan egiten dutela, zentroko sukaldean.