Meza entzun ondoren, txistulariek agurra egin diete batutakoei; eta jarraian herriaren historia zati bat batuz, ekitaldia egin dute Olaranen.
Aretoa topera beteta zegoela, Iñigo Ramirez de Okarizek Antzuolako EAJ-PNV Ehun urteko testuinguru politikoetan zehar liburua aurkeztu eta bide batez alderdi horren 101 urteko historia laburbildu du Simon Arrietaren margolana eta herritar asko lekuko zituela: uri batzarra eta jarraian batzokia sortu zutenekoa, margolanaren jatorria eta istorio gorabeheratsua, lehenengo alkatea, Lamarianoren lorpenak, trantsizioa...
Alderdiko protagonistak
Horren ostean, Antzuolako udal taldeetan esku hartu duten EAJko kideak banan-banan deitu eta liburu bana eman dizkiete. Horren ardura izan du ekitaldira gonbidatutako Joseba Egibarrek, Gipuzkoako Buru Batzarreko presidenteak. Eta Egibarrek berak hitza hartu du horren ostean, azpimarratzeko "errespetu handiena" merezi duten politikariak direla "herrietan lan egiten dutenak".