EAJk ez du Gobernu batzordean parte hartuko, EAE-ANVk hori proposatu arren

Aintzane Irizar 2007ko eka. 15a, 15:07
EAE-ANV alderdiko kideek gainerako alderdiei eskaini diete batzorde batzuen ardura hartzea eta Gobernu batzordean parte hartzea. EAJko eta Zutik-Ezker Batua-Aralar koalizioko ordezkariekin elkartu dira. PSE-EEko Paco Morcillorekin ere jarri ziren harremanetan, baina hark ez du nahi izan eurekin berba egiterik, indarkeria publikoki gaitzesten ez duten bitartean.

EAJ, oposizioan

EAJ alderdiaren txanda izan zen lehenengo. Haiek argi laga zuten batzarrean, ez dutela inolako batzorderen ardurarik hartuko, ezta Gobernu batzordean parte hartuko ere. Basili Ormazabalekin egon gara batzar haren berri jakiteko, eta honakoa adierazi digu: "Oposizioa egitea egokituko zaigu agintaldi berrian; gainera, azkeneko lau urteotan gauzak hain gaizki egin baditugu, ez luke zentzurik izango". Hauxe gaineratu digu: "Udalean ditugun arazo garrantzitsuenen berri eman genien batzarrean eta esan genien begi onez ikusten dugula auditoria egitea".

Zutik-Ezker Batua-Aralar

Zutik-Ezker Batua-Aralar koaliziokoek ardurak hartzeko prest daudela adierazi zieten EAEko ordezkariei; oraindik, baina, zehazteke zuten zein batzorderen ardura hartuko duten. Gainera, Gobernu batzordean eta gainerako batzorde guztietan lan egiteko konpromisoa ere hartu dute koalizioko ordezkariek. Hori bai, akordio finkorik ez dute egingo.

Argi geratu den beste puntu bat da Pedro Iturbe EAEko hautagaia izango dela alkate berria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak