Domekan zabalduko dute Torresoroa auditoriuma

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko mar. 13a, 12:09
Dena prest dago domekan Torresoroa auditoriuma, edo, hobeto esanda, Torresoroa erabilera askotariko aretoa zabaltzeko. Antzuolako txistulari taldeak emango duen kontzertuarekin zabalduko dute aretoa, 12:00etan. Pedro Iturbe alkatearekin eta Patxi Olabarria Kultura zinegotziarekin izan gara aretoa ikusten.

"Berez,  eraikina inauguratuta dago, baina auditoriumaren irekierarako zerbait herrikoia egin gura genuen. Pentsatu genuen txistularien kontzertua egokia izan zitekeela; izan ere, herriko talde gehienek parte hartzen duten ekitaldia izaten da. Gainera, jende asko erakartzen duen ekitaldia da, osoko bilkuren aretoa bete egiten da", dio Patxi Olabarriak, Kultura zinegotziak.

Kultura beharrak aseta

Torresoroarekin herriko kultura beharrak aseta geratuko direla uste du Olabarriak. "Orain arte osoko bilkuren aretoan edo Olaran etxean egin izan ditugu ekitaldiak; baina lekuz mugatuta egon izan gara", zehaztu du Kultura zinegotzi Olabarriak.
Olabarriak dio erabilera askotariko aretoa izango dela, ekitaldiak ikusteko aukeraz gain beste era bateko ekintzak egiteko aukera ere egongo delako; adibidez, entseguak, afariak edo gazteentzako diskoteka. "Lehen geneukan zinema areto bat harmaila finkoekin, baina era horretako gauzetarako bakarrik erabil zitekeen. Orain, azalera oso zabala daukagu, ez bakarrik auditorium moduan erabiltzeko, baita herriko taldeek erabiltzeko ere", azaldu du Olabarriak.
Kultura mailan herriak dituen beharrak aseta geratzen diren galdetuta, Olabarriak hau dio: "Proiektu honekin, neurri handi batean, beteta geratzen dira geneuzkan beharrak; orain falta dena da harmaila jartzea".

Harmaila mugikorrak

Aretoa domekan zabalduko den arren, oraindik eserlekuak jarri barik daude. Asmoa da harmaila mugikorra jartzea –hainbat kiroldegitan dauden modukoak–; modu horretan, harmaila batzean espazio zabala geratuko litzateke aretoan, eta aurretik esandako ekintzak egiteko aukera egongo litzateke.
Aurten bertan jarri gura dituzte harmailak. Pedro Iturbe alkateak dio Diputazioarekin harremanetan dabiltzala dirulaguntzak lortzeko, baina gaur egungo egoera ez dela ona eta horrek baldintzatuko duela.

Aretoaren neurriak

Agertokiak 7x11 metroko azalera izango du; gainera, ate batetik aldageletara sartzeko aukera egongo da. Bestalde, aretoan ezker eta eskuin dauden eskaileren azpian biltegi txiki batzuk daude. Komunak kanpoan daude, liburutegiko berak dira.
Aurreikusita dagoen harmaila mugikorrean 112 eserleku egongo dira; eta, harmailaren eta agertokiaren artean 3,5 metroko espazioa geratuko da. Beharra dagoenean, aulki gehiago jartzeko aukera dago hor: gutxi gorabehera 50 eserleku. Auditoriumaren goialdean, palkoan, 20 eserleku jarriko dituzte. Guztira 182 eserleku jartzeko aukera egongo da.
Auditoriuma barrutik janzteko 500.000 euroko aurrekontua izan du Udalak. "Orain ikusten dena egiteko 220.000 euro gastatu dira", azaldu du alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak