Jose Angel Zabalo alkatearekin batera, Diputazioko agintariak eta teknikoak izan ziren Olaran etxean, martitzen eguerdiko agerraldian. Baita Rafael Eizagirre parrokoa ere; izan ere, parrokia eraberritzeko dirulaguntza emango du Diputazioak.
Alkateak hartu zuen hitza lehendabizi. Orain dela hiru urte eskuartean zituzten proiektuen eta asmoen berri emateko egin zuten martitzenekoaren antzerako agerraldia eta horixe izan zuen hizpide Zabalok. Honela hasi zuen berbaldia: "Orain dela hiru urte kea saltzen genbiltzala salatu zigutenei esango nieke kea ez, sua eskaini diogula herriari, gar bizi-biziekin, gainera. Ikusi besterik ez dago zelako abiadan jarri ditugun martxan proiektuak eta lanak. Esandakoa betetzen dugula erakutsi diegu herritarrei". Segidan, azkeneko lau urteotan egindakoaren errepasoa egin zuen: errekaren proiektua, alde zaharraren hiritartze lanak, Haurreskola, toponimiaren gaineko azterketa, larrugintzaren gainekoa, alardearen proiektua, mendi eta baserrietarako proiektuak eta bidegorriak izan zituen hizpide, besteak beste.
Ondoren, Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik hartu zuen hitza: "Agerraldi honekin orain dela hiru urtekoari jarraipena ematera etorri gara. Erabaki asko hezurmamituta daude eta 2007an Diputazioa bost milioi euro inbertitzera doa Antzuolan".
Errepideak
Hiru bat milioi euro inbertituko ditu Diputazioak Antzuolan, errepideen egoera hobetzeko. Luis Angel Maguregi Errepideetako teknikoak eman zituen azalpenak.- Mendebaldeko sarrera
Aurrekontua: Milioi bat euro.
Lanak egiteko epea:6 hilabete.
Enpresa: Construcciones Galdiano.
Maguregik azaldu zuenez, gaur egungo Beheko auzoko herrirako sarrera oso arriskutsua da. Horregatik, hori zeharo aldatuko dute. Zumarraga aldetik datozenek aukera izango dute herri barrura sartzeko, baita Antzuolatik Bergara aldera irteteko ere. Gainerako mugimenduak, baina, Etxezuri parean egingo duten sarrera berritik egin beharko ditugu.
Han, gainera, zubi berria egingo dute, zabalagoa. Kalebarrengo zubia ere egokituko dute, handik automobil asko sartuko dira eta herrira:
Aurrekontua: 271.000 euro.
Lanak egiteko epea: 5 hilabete.
Enpresa: Construcciones Galdiano.
Agintariek aurreratu zutenez, maiatzean bertan hasiko dituzte lanak.
- Ekialdeko sarrera
Aurrekontua: 2 milioi euro.
Lanak hasiko dituzte: 2007an.
Proiektuaren egoera: proiektua idazten dihardute.
Horixe izan zen martitzenean eman zuten berri garrantzitsuena: saihesbidean biribilgunea egingo dute, Sagasti parean, oraingo bidegurutzearen inguruan. Herriko lehenengo biribilgunea izango da, gainera, oraindik ez dago eta.
Biribilgune horrek hainbat funtzio beteko ditu:
- Ibilgailuen abiadura murriztuko du. Horrela, zebrabide bat egingo dute, oinezkoak autobus geltokira joateko. Izan ere, asmoa da autobus geltokiak saihesbidera ateratzea. Zumarraga alderako autobus geltokira joateko errepidea zeharkatu beharko dugu.
- Bidegurutze seguruagoa egitea. Gaur egungoa nahikoa arriskutsua da, batez ere, Zumarraga aldetik herrirako sarrera. Izan ere, ia 90 graduko bihurgunea hartu behar da. Biribilguneak bidegurutzea seguruagoa egingo du.
- Kirolgunerako sarrera. Arau subsidiarioetan, Iriarte inguruko lurrak kirolgunerako aurrez ikusita daude. Biribilgunetik egingo litzateke gune horretarako sarrera.
- Antigua auzoko bidegurutzeak dakarren arriskua ekiditea. Biribilgune egiteak ekarriko luke Antiguako bidegurutzearen funtzioa aldatzea. Eskuinerako mugimenduak bakarrik egin ahal izango dira han. Horrek esan nahi du aukera egongo litzatekeela bakarrik Zumarraga aldetik datozen ibilgailuak herri barrura sartzeko edo Antzuolatik Bergara aldera irteteko. Ez da egongo aukerarik Bergara aldetik datozen ibilgailuak Antzuolara sartzeko, ezta Antzuolatik Zumarraga aldera irteteko ere.