Ohar baten bitartez, Aralarrek Jose Angel Zabalok bidegorriari buruz egindako adierazpenen inguruko zehaztapena egin gura du. Zabalok, joan den astean GOITBko Debarri saioan azaldu zuen Aldundiak Bergararainoko bidegorria egiteko dirulaguntza agindu diola.
Aralarrek argitzen duenez, 2007rako Aldundiaren aurrekontuen proposamena jaso zutenean ez omen zegoen bidegorrirako partidarik. Hala, helarazitako oharrean azaltzen dutenez, Aralarrek partida hori gehitzeko proposamena egin eta EAJ eta EA alderdiek onartu egin zutela.
Argibide hauekin herritarrak jakinaren gainean utzi gura ditu ibarreko Aralarrek. Hori horrela, "Antzuola eta Bergararendako hain garrantzitsua den azpiegituraren lanak koordinatu eta lehenbailehen hastea da" Aralarren nahia.