Zehazki, Bergara-Antzuola txirrindulari eta oinezkoendako bidearen zatiaren lanak dira egiten dabiltzanak. Diputazioak 675.960,10 euroko aurrekontua du lanok egiteko, eta bost hilabeteko epea. Lanak egiten Union tenporal de enpresas Antzuola dabil.
Ibarretan hasiko da
Matz-erreka –Ibarreta– lantegi ondoan hasiko da bidegorria. Zati hori berritu egingo dute. Ortu inguruak txukundu egingo dituzte, eta bidea zabalagoa jarriko dute; gainera, argiteria publikoa jarriko dute bidegorri zati horretan. Bidegorria Matz-erreka lantegiaren aurrealdetik pasako da, eta baita aparkalekuetatik ere.
Zubia zabaldu
Matz-errekako aparkalekutik Aiztira hartuko du bidegorriak. Gaur egun dagoen zubia –errepidea dena– zabaldu egingo dute bidegorria ere bertatik pasatzeko. Bidegorriak hiru metro inguru izango ditu zati horretan; Aizti aurretik pasako da eta metro batzuk igo ondoren bide zaharra hartuko du ezkerreko aldera.
Behin behineko zatia
"Bidegorriak zati horretan obra txikiagoa izango du", azaldu du Valen Moñux Udaleko aparejadoreak. Izan ere, Lapurzubirako zatia behin behinekoa izango da: "Gero, errepide berria egiten denean –Beasain-Durango autobia–, errepideak bidegorriaren zati bat hartuko du", dio Moñuxek. Orduan, aldatu egingo dute bidegorriaren trazatua. Behin Galartzako zubitik aurrera Bergararaino jarraituko du bidegorriak. Hori, oraindik zehaztu barik dagoen hurrengo fase baten egingo dute.