Hasierako asmoa zen hiru talde egitea, baina bi besterik ez dituzte osatu. Diskurtsoa eta historia talde batek eta alardearen koreografia beste batek sakontzea zen proposamena, baina asteleheneko bileran biak uztartzea aproposagoa dela erabaki zen. Hortaz, alardearen diskurtsoa eta koreografia biak batean aztertuko ditu lehen taldeak bata bestearekin lotuta daudelako.
Besteak transmisioa eta jendearen partehartzea bultzatzea izango ditu helburu. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute herritarrei pixkanaka ematen diharduten pausoen berri ematea alardea gertuago sentitzeko.
Gaur, bilera
Batzarrera joan zirenek esku artean zuten dokumentazioa aztertzeko denbora eskatu zuten eta gaur, ekainaren 16an, egingo dute bigarren bilera pauso berriak emateko eta lanean hasteko asmoz.
Larrain dantza
Bi taldeok 2009ko alardeari begira jardungo dute lanean eta aurtengo jaietan, alardean, ez da aldaketarik izango.
Hala ere, jaiak gertatzeko lanean dihardute hainbat lagunek. Besteak beste, jaietako domeka iluntzeko Larrain dantza gertatzen. Horretarako entseguetan parte hartu nahi dutenei jakinarazi nahi diete eguaztenean, ekainaren 18an 20:00etan hasiko direla eskolan eta jaietara bitartean eguaztenero egingo dituztela.