Bergararako bidegorriaren proiektua atzeratu egin dute

Aintzane Irizar 2007ko uzt. 17a, 19:37
Orain dela hilabete batzuk aurreratu ziguten Udaletik Antzuola-Bergara bidegorria laster egingo dutela. Errepide zaharrean eta Errege Bidearen zati baten egingo dute bidegorri hori. Orain, baina, jakin dugu proiektu hori atzeratu egin dela.

 
Diputazioko arduradunek horrelaxe azaldu digute atzerapenaren arrazoia: hainbat zatitan, ur zikinen kolektorearen trazatuak eta bidegorriarenak bat egiten dute; horrela, elkarlanean egingo dituzte proiektuok.Kolektorearen proiektuaren ardura da Eusko Jaurlaritzarena; bidegorriaren ardura, berriz, Diputazioarena. Erakunde biek elkarlanean jardungo dute, proiektuok koordinatzeko.
Harreman Ingeniaritza Taldeak dihardu bidegorriaren proiektua idazten eta espero dute 2007. urte bukaerarako idatzita egongo dela.

Errepide zaharretik

Erdigunetik Matz-Errekaraino badago oinezkoendako bidea. Handik aurrera egingo luke bidegorriak; Diputazioko arduradunen asmoa da Ariztiberri baserriaren ondoan, erreka pasatzeko zubitxo bat egitea. Gero, Bergararako errepide zaharretik jarraituko du bidegorriak. Burdinkurutzen inguruan Errege Bidearekin bat egingo du bideak. Gune horretan beste zubi bat egitea aztertzen dihardute. Bidegorria Bergararaino iritsiko da, Urteagaraino, hain zuzen ere.

Udaleko arduradunek esan digutenez, bergararrek eta antzuolarrek aukera bikaina izango dute paseorako; gainera, aldaparik igo gabe pasatzeko aukera ematen du. Dena dela, Bergaran lan egiten duten antzuolarrek eta Antzuolan lan egiten duten bergararrek ere bizikletaz zein oinez joan-etorria egin ahal izango dute.

Kolektoreari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak dihardu proiektua idazten; herriko ur zikinak Mekolaldeko araztegira eramango dituzte, han garbitu eta errekara isurtzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak