Bellosok eta Eskuderok lan gutxi eman zieten Aritz Lasari eta Asier Arrutiri

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko ots. 7a, 18:13
Aspeko bikoteak erraz hartu zuen mendean Asegarcekoa 22-10 emaitzarekin. Belloso aurrelariak huts larregi egin zituen.

Aurrera doa Aspeko eta Asegarceko launa bikotek osaturiko pilotari gazteak jokatzen ari diren bigarren mailako eskuz binakako BBK Saria. Barikuan Antzuolako frontoian jokatutako norgehiagokan Aspe enpresako Aritz Lasak eta Asier Arrutik 22-10 emaitzarekin hartu zituzten mendean Asegarceko Mikel Belloso eta Iñaki Eskudero.
Parekatua hasi zuten norgehiagoka bi bikoteek, baina gipuzkoarrek 5-4tik 11-4ra ihes egitea lortu zuten eta Asegarcekoek ezin izan zioten markagailuari bueltan eman. Mikel Bellosok, aurrean, akats dezente egin zituen.
     "Bost tanto aurretik jarri gara hasieran", adierazi zuen partidu amaieran Lasak. "Gorriek, baina, berdintzea lortu eta gauzak zailtzen jakin dute. Zorionez gure pilota berreskuratu eta gauzak gure moduan egitea lortu dugu". Gorrien jokoa txarra izan zen. Momentuz, ez dute txapelketan garaipenik lortu eta Antzuolan ere ezinezkoa izan zen.

Hiru partiduren faltan

Zortzi bikotek dihardute bigarren mailako eskuz binakako txapelketa honetan eta lauk bakarrik lortuko dute finalerdietarako txartela. "Ez gara faboritoak", adierazi zuen partidu amaieran Lasak, "baina kantxan guztia ematen jarraituko dugu eta ikusiko dugu zer gertatzen den".
     Barikuan txapelketako bigarren garaipena eskuratu zuten eta ikusteko dago oraindik zer gertatuko den. "Ondo ari garela uste dut", azaldu zuen Lasak. "Akaso emaitzak ez dira nahi besteko onak, baina gero eta erosoago gaude kantxan eta hori ere garrantzitsua da". Hiru aste barru amaituko da sailkapen ligaxka. Txapelketa honetan faboritoak Mendizabal-Ibai Zabala eta Berasaluze IX.a-Urberuaga dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak