Belar artifiziala ipini nahi dute Eztalan

Irati Agirreazaldegi 2008ko abe. 23a, 10:25
Joan zen astean batzarra izan zuten Udal ordezkariek eta Gipuzkoako Futbol Federazioko presidente Juan Luis Larreak. Batzarrean Eztalako futbol zelaian belar artifiziala ipintzeko asmoa izan zuten mahai gainean.

Antzuolako futbol zelaia da Soraluzekoarekin eta Alegiakoarekin batera Gipuzkoan belarrik ez duen zelai bakarra eta zelaia ez ezik ingurua ere berritu eta txukundu nahi dute. "Federazioan presidente aldaketa egon da eta Juan Luis Larreak esan du bere asmoetako bat dela hartxintxarrezko futbol zelaiak desagertzea, hori, guretzako positiboa da", esan digu Andoni Azkargorta kirol zinegotziak.

Aurre proiektua abian

Azkargortak azaldu digunez, "arkitekto bati eskatu genion aztertzeko futbol zelaia nola berritu zitekeen eta zein kostu izango lukeen. Ondoren federazioarekin ipini ginen harremanetan eta esan ziguten eurek diru zati handi bat horretara bideratzen dutela eta prest zeudela laguntzeko. Futbol zelaia berritzea gastu handia litzateke Udalarendako, hortaz, oraingoz aurreproiektua eskatu dugu eta horretan lanean dihardugu".

Berrikuntza asmoen artean daude atletismo pista txukuntzea, hesitura berritzea eta aldaketarik garrantzitsuena litzateke hartxintxarraren gainean belar artifiziala ipintzea.

Kirol zinegotziak esan digu oraindik zaila dela lanak egiteko epeak zehaztea: "Guk nahi genuke datorren irailerako, denboraldi berria hasten denerako, futbol zelai berria gertu izatea. Baldintza asko daude horren atzean: obren esleipena, federaziotik dirulaguntzak jasotzea...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak