Beasain-Durangoren bide-trazadura aldatzea eskatu du Udalak

Aintzane Irizar 2007ko aza. 27a, 13:45
Ezohiko udalbatzarra egin zuten eguaztenean. Hantxe, aho batez onartu zuten Diputazioari eskatzea aldatu dezala Beasain-Durango autobidearen bide-trazadura. Oraintxe dihardute behin-betiko proiektua idazten.

Diputazioak Ormaiztegi eta Bergara arteko zatiari zegokion proposamena egin zuenetik, prozesuak luze jo du. Ordutik, Udalak behin eta berriz eskatu dio Diputazioari gauza bera: autobidea ez dadila pasatu eskumako mendi-hegaletik. Aurre-proiektuaren arabera, Goizper eta Lekuberri baserriaren aldeko mendi-hegaletik dator. Ariztiberri baserriaren parean, zubi-bide bat egingo dute, eta autobidea eskumako mendi-hegalera pasatuko da. Horixe ez egiteko eskatu du orain Udalak. Pedro Iturbe alkatearen esanetan, horrek kalte handia egingo lieke hango lursailei eta, ondorioz, inguru horretako baserritarrei. Gainera, Iturbek azaldu duenez, bidegorriaren ibilbide-trazaduran ere eragina izango luke.


Bere garaian, Udalak beste bi bide-trazadura alternatibo aurkeztu zizkion Diputazioari, eskumako mendi-hegala ez ukitzearren, baina hark ez zituen onartu. Orain, Udalak ez du horrelako proposamenik egin. Eskatu duen bakarra izan da eskumako mendi-hegala ez ukitzeko.

Adierazpen instituzionala

Eguazteneko ezohiko batzarrean, bestalde, domekan Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna zela eta, adierazpen instituzionala onartu zuten, aho batez. Idatzi horretan, besteak beste, Udalak konpromisoa hartzen du berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktiboa egiteko.

Boluntarioen batzarra

Mizpirualdeko egoiliarrak bisitatzera joaten diren boluntarioek batzarra egingo dute bihar, martitzena, 18:00etan, erretiratuen lokalean. Boluntario gisa hasi nahi duenak erretiratuen elkarteko batzordeko kideengana jo behar du izena ematera, edo biharko batzarrera joan.

Markel Olano etorriko da

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia Antzuolara etorriko da eguenean, azaroak 29. Udaleko ordezkariekin batzarra egingo du, eta herriko proiektuen berri emango diote. Hainbat eskakizun egiteko ere aprobetxatuko dute Udaleko agintariek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak