Batzorde kide berriak aukeratuko dituzte

Iker Barandiaran 2007ko api. 4a, 14:10
Apirilaren 14an, zapatua, egingo du urteko batzar orokorra Erretiratuen Elkarteak.

Aste Santu ondoren, apirilaren 14an, egingo du urteko batzar orokorra Antzuolako Erretiratuen Elkarteak. 18:00etan dute hitzordua, erretiratuek Zurrategi plazan duten egoitzan. Zuzendaritza batzordeko kideek bazkide guztiei egin nahi diete deialdia batzar orokorrean parte hartu dezaten.

Gai zerrenda

Honakoa izango da batzarreko gai zerrenda: 2006. urteko batzar orokorreko akta irakurriko dute lehendabizi; ondoren, 2006. urteko balantze ekonomikoa aurkeztuko dute; 2006. urtean egin dituzten ekintzak azalduko dituzte; gero, 2007. urterako ekintzen proposamena egingo dute; zuzendaritza batzordeko kideen erdiak aukeratuko dituzte eta, azkenik, galderak egiteko aukera egongo da.
Zuzendaritza batzordeko hiru kidek lagako dute euren kargua aurten: Andoni Azkarate presidenteak, Salbador Olabarria idazkariak eta Miren Arangurenek. Karmele San Sebastian diruzainari ere kargua lagatzea tokatzen zitzaion, baina, bere borondatez, lan horretan jarraituko du.
Hortaz, hiru kide berri aukeratu beharko dituzte batzar orokorrean, eta zuzendaritza batzorde berria osatutakoan, eurek erabakiko dute zein izango den presidente berria.

Bazkide berriak

Azkeneko hilabeteotan, Erretiratuen Elkartearen erronka izan da bazkide berriak egitea; eta horretan jarraituko dute; erretiratu guztiak animatu nahi dituzte bazkide egin daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak