Azalpenak eskatu dituzte lurjabeek AHTri buruz

Irati Agirreazaldegi 2008ko eka. 20a, 14:58
Abiadura Handiko Trenaren azpiegiturek ukituko dituzten lurren jabeekin batzarra egin dute asteon udaletxean. Izan ere, Jaurlaritzak hainbat lur jaberi deitu zien Zumarragara joateko martitzenean, euren lurretan zundaketak egiteko baimenak behar dituztelako.

Abiadura Handiko Trenaren azpiegiturek ukituko dituzten lurren jabeekin batzarra egin dute asteon udaletxean. Izan ere,  Jaurlaritzak hainbat lur jaberi deitu zien Zumarragara joateko martitzenean, euren lurretan zundaketak egiteko baimenak behar dituztelako.

Antzuolako udaletxean egindako batzarrean izan ziren Pedro Iturbe alkatea, AHT Gelditu elkarlaneko Fernando Iturbe eta Jone Etxeberria eta EHNE sindikatuko abokatu Pavel Viñas.

Alkateak proiektuaren gaineko informazio falta azpimarratu zuen, eta baita Udalean gehiengoa AHTren aurka dagoela azaldu ere. Fernando Iturbek ere informazio falta salatu zuen, esanez,"dagoen informazio bakarra Udal ordenantza batzuetan oinarrituta AHT Gelditu elkarlanak egindako muntaia" dela. Bide batez, eskatu zuen proiektua gelditzea eta herritarrei galdetzea AHT behar den ala ez.
Lurjabeak proiektuak euren lurretan izango duen eraginaren berri ez jakiteak kezkatzen ditu batez ere, eta bileraren helburuetako bat izan zen euren eskubideak zein diren azaltzea.

Pavel Viñasek esan zien, eraikuntza proiektua egiteko, zundaketak beharrezkoak direla, eta horren aurrean zein eskubide dituzten: "Lurjabeen baimenik gabe ezin dira lurretan sartu, eta kalte ordainei buruzko txantajea erabiltzen dute baimena lortzeko, edo indarrez ere sartu izan dira hainbat lurretan", azaldu zien.  

Eskubideak dituztela azalduta, proposatu zieten Zumarragako batzarrera taldean joatea, eta informazioa eskatzea baimena eman aurretik. 

Batzarra Zumarragan

Proposamena onartu eta martitzenean, lurjabeen sei ordezkari eta Pedro Iturbe alkatea Zumarragara joan ziren, eta han batzartu ziren proiektua egingo duen enpresako ordezkariekin.

Alkateak jakinarazi digunez, "esan genien informazioa jaso arte ez dugula baimenen gaineko erabakirik hartuko, eta orduan, lurjabe bakoitzak erabakiko duela baimena eman ala ez. Hortaz, eskatu dugu Antzuolako udaletxean batzar irekia egitea azpiegiturei buruz. Eurak baimenen bila etorri zirela esan ziguten, baina gure eskaria behar den tokira helaraziko dutela".

Martitzeneko batzarraren ostean, informazioa noiz jasoko zain geratu dira bai lurjabeak eta baita udal ordezkariak ere. Izan ere, proiektuaren lehenengo pausoak dira horiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak