Aurtengorako 7.229.406 euroko aurrekontua onartu du Udalak

Irati Agirreazaldegi 2009ko ots. 6a, 11:02
Hileko lehen eguaztenero ohi duten moduan, ohiko udalbatzarra izan zuten otsailaren 4an. Batzarraren hasieran jakinarazi zuten familia arazoak direla medio Joxi Beltranek zinegotzi kargua utziko duela; zerrendan horren ondorengoa den Mikel Larreak ere uko egin dio postuari; hortaz, Joseba Lezetari dagokio kargua hartzea, eta orain, hauteskunde batzordeari jakinaraziko diote aldaketa.

Inbertsioak

Aurrekontuaren txanda izan zen gero. PSOEkoa eta EAJko bi zinegotziak abstenitu egin ziren, eta gainontzekoen baiezko botoekin aurrera egin zuen 7.229.406,43 euroko aurrekontu proposamenak.

Iazko aurrekontuarekin alderatuta gastu arrunta jaisteko saiakera egin dute. Hala ere, azken inbertsioak direla medio, hainbat partida igo egingo dira. Inbertsio nagusiak izango dira: auditoriumeko harmailak; baserrietako ura eta saneamendua; futbol zelaia berritzea; Kalegoi urbanizatzea; gaztetxea; eta eskolako aterpea. Aurrekontuaren gainean alkateak esan digunez, "dirulaguntzetan oinarritzen dira inbertsio guztiak eta Udalak ez du gehiegizko aportaziorik egingo". Hortaz, dirulaguntzek kale eginez gero, inbertsioek ez dutela aurrera egingo jakinarazi digu.

Kalegoiko eta futbol zelaiko lanak Estatuko inbertsio fondoetatik egiteko asmoa dute; eta eskolako aterpeko lanak egitekotan dirulaguntzei esker izango da. Auditoriumeko armailekin eta baserrietako ur eta saneamenduarekin hasteko, berriz, 2008ko likidazioari begira egon beharko dute. Bestalde, gaztetxeko obrak  anbulatorio zaharra hustutakoan egitea da asmoa.

Udalbatzarrean, Udala egiten dabilen finantzazio planaz ere jardun zuten. "Egoera ekonomiko eskasa denez, hurrengo urteetan inbertsioak egiteko gaitasuna oso murritza da. 2009rako Udalak 2.600.000 euroko mailegu beharra du", dio alkateak.

Palestinako gatazkaren gainean aurkeztu zen mozio baten harira ere luze jardun zuten udalbatzarrean, eta eztabaidaren ostean, erabaki zuten zinegotzi guztiek adostutako mozioa gertatzea gai horri buruz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak