Aurki hasiko da frontenis txapelketa

Irati Agirreazaldegi 2008ko urt. 20a, 13:49
Udal Kirol Batzordeak 2008an barrena hainbat kirol lehiaketa antolatuko ditu herrian. Frontenis lehiaketa, saskibaloi lehiaketa, bizikleta eguna, herri krosa… izango dira besteak beste.

Kirol jardun  hauen helburu nagusiak dira: herritarrei aukera ematea kirol ezberdinak egiteko eta kirolaren inguruan herritarren arteko harremanak eta bizitasuna bultzatzea.


Frontenis txapelketa izango da lehena, dagoeneko abian ipini dutena. Izena emateko epea zabalik dago urtarrilaren 31 bitartean. Horretarako, bikotearen izen-abizenak eta harremanetarako telefono bat eman eta ordainketa (jokalari bakoitzeko 12 euro) egin beharko dira.

Egubakoitz eta zapatuetan
Partehartzaile guztiekin otsailaren 1ean batzarra egingo dute araudiaren berri emateko. Ondoren, binakako partiduak egubakoitz arratsaldeetan eta zapatu goizetan jokatuko dituzte.

Kirol teknikariaren esanetan, “espero dugu, 2007an izandako arrakasta izatea eta herritarrek horrelako lehiaketetan izena ematea, azken batean kirol egiteaz gain, gustura pasatu eta herriko ekimenetan parte hartzeko era on bat da”.

Iaz egin zuten estreinako aldiz txapelketa eta guztira hamahiru bikotek hartu zuten parte. Finala Mikel Idiakezek eta Sergio Sanchezek irabazi zuten Andoni Rodriguez eta Eñaut Arantzetaren aurka (40-33).

Apurketak frontoian
Bestalde, Udal Kirol Zerbitzutik esan digute pasa den aste bukaeran apurketak izan direla frontoian. Jarlekuak erre, sarea bere tokitik atera eta puskatu, zikinkeria zabaldu eta komunak urez bete dituzte. Salatzeaz gain, horrelakorik berriz ez gertatzeko ahalegina egin behar dela diote.

Gutun batean diote, "Antzuolan ez dugu gune gehiegirik gure asti librea igarotzeko, kirola egiteko, gure lagunekin jolasteko, batez ere euria edota eguraldi txarra egiten duenean".

Penagarritzat jotzen dute frontoia behar bezala zaintzen ez jakitea, "azken batean guztion kontrako jokabide okerrak dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak