Athletic-eko beteranoak nagusitu ziren Barkeroren omenezko lagunartekoan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko ots. 3a, 13:44
Lehia guztian zehar Antzuolako mutilak aurretik izan ziren arren, azkenean, Athletic-eko beteranoak nagusitu ziren zapatuan Estalan. Argi geratu zen, gaztetasuna baino garrantzitsuagoa dela kalitatea. Izan ere, Bilboko taldean jokatu zuten jokalariak adinez Antzuolakoak baino nagusiagoak ziren arren, profesionalak izandakoak dira; eta hori, nabaritu egiten da.

Zale mordoa batu zen Estalan beteranoen arteko lagunartekoa ikusteko. Ikusmina piztu zuen herrian lehiak; batez ere, jokalari ospetsuak etorriko zirela iragarri zelako, besteak beste, Julen Guerrero. Baina, azkenean, Portugaletekoak ezin izan zuen Estalara etorri. Azken orduko beste konpromiso bat sortu zitzaion eta, zaleak Guerrero ikusteko gogoarekin geratu ziren.
Etorri zirenen artean, Imanol Etxeberria atezaina zegoen; hark, ama Antzuolakoa du. Hortaz,  gogotsu ibili zen lehian.

Etxeko taldea aurretik

Partiduko emaitza gutxienekoa izan zen zapatuan; garrantzitsuena Xabier Barkerori egindako omenaldia izan zen. Antzuolako taldean, erregional mailan Barkeroren taldekide izandako jokalariak elkartu ziren; tartean, gaur egun oraindik ere jokatzen duten lau jokalari zeuden. Nagusienak, berriz, 42 urte zituen.
Hala, lehia ondo hasi zen etxekoentzat; Andoni Azkargortak, gaur egungo entrenatzaileak sartu zuen lehenengo gola. Berdinketa Joseba Agirrek egin zuen. Atsedenaren aurretik, Xabi Agirrek 2-1 aurreratu zuen etxeko taldea. Gero, aldagelatik bueltan, bilbotarrak nagusi izan ziren; Joseba Agirrek bigarrena egin zuen eta De Diegok sartu zuen hirugarrena.

Oroigarriak

Athletic-ek txapeldunaren oroigarria eta Udalak emandako herriko liburu sorta jaso zuen. Barkeroren senideek, berriz, Athletic-ek emandako koadro bat jaso zuten, jokalariek sinatutako kamisetarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak