Ate irekiak egingo dituzte gimnasio berrian gaur, egubakoitza, eta bihar

Leire Kortabarria 2009ko aza. 13a, 13:47
Eguzki auzoko gimnasioa ezagutzeko aukera dago gaur, egubakoitza, 17:00etatik 21:00etara eta bihar, zapatua, 9:00etatik 13:00era, Udal Kirol batzordearen eskutik. Zapatu goizean zehar, fitness gelako makinaria probatu eta erabiltzeko aukera egongo da. Horrez gain, hurbiltzen direnek saio desberdinetan parte hartzeko aukera izango dute: pilates saioa (10:00), spinning saioa (11:00) eta total fitness saioa (12:00).

Antzuolak badauka gimnasioa, lehengo jarduerak eta berriak –fitnessa, total fitnessa, spinninga…– eskaintzeko gertu, eta helburu batekin: "Gure asmoa da 200 bazkide egitea; harrera ona espero dugu, Antzuolak bazuen-eta gimnasio baten beharra", esaten du gimnasioko koordinatzaile eta, udal zerbitzua bada ere, kudeaketa egingo duen E-goitek enpresako Xabi Azkarate antzuolarrak.

Arduradunak bazkidetzak tramitatzen ibili dira. Ate irekien ondoren, astelehenean, erabiltzen hasi ahal izango dira. Udalak 50.000 euroko inbertsioa egin du gimnasioa egiteko eta berau hornitzeko.

Orain arte, Antzuolan aerobika, pilatesa, yoga, sasoian egoteko gimnasia eta 3. adinekoendakoa eman izan dira; horien ondoan, berritasunak dira umeendako karatea eta, batez ere, helduendako spinninga eta total fitnessa. Bigarren horri "garrantzi handia eman nahi diogu, oso ariketa polita eta osoa delako; beste jarduera batzuk batzen ditu: spinninga, aerobika…", dio Azkaratek.

Hogei bat spinning bizikleta

Gimnasioak 300 m2 ditu, planta bakarrean, metro bateko altueran dagoen gune txiki batekin. Azalera horretan, aerobika, pilatesa, sasoian egoteko gimnasia eta 3. adinekoendako gimnasia egiteko gela bat dago; Xabi Azkaratek dioenez, "taldeko jarduera gehienak gela horretan egingo dira". Horren beste aldean, fitness makinak dituen beste gela bat dago, eta hari lotuta, altuago dagoen gelatxoa, spinninga eta beste ekintza batzuk egiteko.

Horretarako, ondo hornituta egongo da gimnasioa, aparailu asko erosi dituzte-eta: gorputz osoa lantzeko makinak –sorbaldarako, zangoetarako hiru makina, eta pisu libreak; tartean, bi polea dorre–; aerobikerako makinak; lasterka egiteko zinta bat; erdi etzandako bizikleta bat; arraun bat; bost eliptika… baina inbertsio handiena spinning-erako bizikletetan egin dute: 19 daude, eta beste bat begiralearendako. Bigarren multzo handiena muskulaziorako makinak dira: 15 bat. "Fitness gela benetan osatua da", esaten du Xabi Azkaratek.

Gela hori indartzeko, ordu askotan begiralea egongo da, eta, nahi izanez gero, norberari ariketa programa bat antolatu eta aholkuak emango dizkio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak