Askotariko 30 bat herritar, Mundumiraren bileran

Goiatz Arana Begiristain 2010eko martxoaren 9a

Maiatzeko azken aste bukaeran egingo den Mundumira jaialdia antolatzen joateko bilera irekia egin zuten atzo, astelehena, Olaran etxean, Kultura batzordeak deituta. Deitzaileak oso pozik geratu ziren jasotako erantzunarekin.

Udal ordezkariek eta herritarrek, elkarrekin, bost lantalde osatzea adostu zuten. Hiru izango dira nagusienak: programazioarekin lotutakoa; garraio eta aparkalekuen gaietaz arduratuko dena; eta hondakin eta logistika kontuei dagokiena.

Bilera horrekin udal ordezkariek udaletxe barruan egiten dabiltzan lana kalera atera eta herritarrekin konpartitu gura izan dute, antzuolarrek Mundumira euren jaia ere badela sentitu dezaten eta guztien artean emaitza hobea lortzeko.

Helburu berarekin, Kultura batzordekoek beste bilera bat egin dute gaur, martitzena; kasu honetan, tabernariekin eta elkarte gastronomikoetako ordezkariekin.

Mundumira jaialdian 20.000 lagun inguru espero dituzte eta, esan beharrik ez dago, kopuru altua dela hori Antzuola moduko herri batentzako. Sortu daitekeen arazo oro denboraz aurreikusi gura dute. Momentuz garbi dute, hori bai, oso garrantzitsua izango dela asteburu horretan Antzuolara joateko autobusa hartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak