Gazta eta Artisau lanak
Ordu berean, plazan, produktuen salmenta izango da. Herriko baserri bakarra izango da azokako ordezkari: Anbu, hain zuzen ere. Gainontzean, batik bat gazta eta artisau produktuak ipiniko dituzte salgai kanpotik etorritakoek.
Bestalde, Anelkar elkartasun taldeko kideek bidezko merkataritza produktuekin postu bat ipiniko dute azokan. Azukrea, txokolatea, kafea, gailetak... eta halako jakiak; edariak; bitxi, poltsa, zapi eta antzerako osagarriak; etxea janzteko osagarriak; eta argazki albumak salduko dituzte. Artisau lanak ere; horiek ere, Arrasateko Harreman dendan salgai izaten direnak.
Sari banaketak
Hori goiz guztian barrena, baina tartean beste ekitaldirik ere izango da. 10:30etik aurrera Trekutz elkartean salda banatuko dute; 11:00etan meza izango da; eta 12:00etan txistulariak eta trikitilariak irtengo dira kaleko giroa alaitzera.
Ordu berean, Antzuolako Txokoak argazki lehiaketako sariak banatuko dituzte Olaranen eta lehiaketako argazkiak ikusgai izango dira 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 20:30era bitartean zapatuan eta domekan.
Kukumarro lehiaketako sari banaketa egingo dute 12:30ean; eta azkenik, 13:00etan Agin Rezola eta Urko Egaña bertsolarien saioa izango da.
San Isidro egunaren aitzakian nekazaritza eta artisau giroan ibiltzeko aukera izango dute herriko baserritarrek zein kaletarrek zapatuan.