Arretxe II.a 36 minututan nagusitu zitzaion Kokari

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko otsailaren 7a

Antzuolan bariku gauean egindako profesional mailako pilota jaialdian aurrez aurre izan ziren Asegarce enpresako Arretxe II.a eta Juantxo Koka. Luzaidekoak nahikoa izan zituen 36 minutu gipuzkoarra mendean hartzeko.


Iker Arretxe nabarmendu zen norgehiagokaren lehenengo tantoetan eta markagailuan aurreratzea lortu zuen lehenengo txanpa horretan; bost tantoko aldea zabaltzera iritsi zen. Kokak, baina, alde horri buelta ematea lortu zuen susperraldi batean. Sakez hiru tanto egin zituen ia jarraian, eta beste hiru dejadaz. Lehenengo 9ra berdintzea lortu zuen eta markagailuan aurretik jartzea ere iritsi zen.
Gutxi iraun zuen donostiarraren susperraldiak. Arretxek pilota aldatu eta zazpi tanto egin zizkion jarraian. Markagailuan, 19  urdinarendako eta 11 gorriarendako.

Arretxe nagusi amaieran

Ezer gutxi egiteko aukera izan zuen hortik aurrera Kokak. Saiatu zen eta beste hiru tanto egitea lortu zuen, baina ez ziren nahikoa izan. Norgehiagokaren amaieran hobeto aritu zen Luzaidekoa eta koadro txikian abiada handiagoa ezarriz neke handi barik iritsi zen 22kora. Antzuolako pilotalekuan jarraitzaile gehiago zituen Kokak, baina azkenean nafarrak eraman zuen garaipena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak