Armarriaren inguruko hitzaldiak egingo dituzte

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010eko otsailaren 23a

Kanoiak kentzeko prozesua pausoz pauso egingo dute; hala, lehenengo fasea dagoeneko zehaztu dute. Martxoaren 9an, martitzena, 18:30ean Torresoroan Nabarralde elkarteak hitzaldia egingo du. Azalduko dute 12 kanoiak nondik datozen: Belateko gudakoak dira.

Armarritik 12 kanoiak kentzeko prozesuarekin jarraitzen du Udalak, bide onetik, gainera. Joan den martitzenean herritarren aurrean egin zuten aurkezpena udal ordezkariek; "txostenean oinarritutako aurkezpena" izan zen, Pedro Iturbe alkatearen esanetan. 15 lagun inguru batu ziren Olaran etxean.

Hitzaldiak

Martxoaren 9an, martitzena, 18:30ean Torresoroan Nabarralde elkarteak hitzaldia egingo du. Azalduko dute 12 kanoiak nondik datozen.

Hurrengo hitzaldia martxoaren 16an izango da, 18:30ean Torresoroan. Bi urte barru beteko dira 500 urte Nafarroa konkistatu zutela; hala, 1512-2012 Nafarroa Bizirik taldeak emango du hitzaldia.

Gipuzkoako armarria

Eusko Ikaskuntzako Rosa Ayerbe izango da Torresoroan martxoaren 23an. Heraldika arduraduna eta Gipuzkoako armarrien inguruan aditua da Ayerbe. Gipuzkoako armarrian eman diren aldaketak azalduko ditu Ayerbek Torresoroan, hitzaldiei amaiera emateko.

Mahaingurua GOITB-n

Asmoa da hitzaldietan parte hartuko dutenekin mahaingurua egitea martxoaren 25ean GOITBn. Behin mahaingurua eginda lehenengo faseari amaiera emango zaio. Hurrengo fasea eztabaida sortzea izango da; eta, azkena, ondorioak atera eta erabakiak hartzea. 

Kexak prozesuaren diseinuan

Armarritik kanoiak kentzeko prozesua Udal gobernuak bideratu duela esan du Iturbek; hala, martitzeneko bileran, prozesuaren diseinuarekin bat ez datozela azaldu zuten hainbat taldek. "Eztabaida, gaiaren inguruan baino, prozesuaren diseinuan sortu zen", dio alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak