Antzuolako parrokiako berritze lanen bigarren fasea uda partean hasiko da

Edu Mendibil 2009ko mar. 27a, 13:08
Antzuolako herriak eta herritarrek eurek ere 2006an heldu zioten Errukizko Amaren parrokia berritzeko egitasmoari. Lanak 2007an hasi zituzten, Diputaziotik 700.000 euroko dirulaguntza jaso eta gero. Ordurako, hamar bat lagunek osatutako batzordeak lan handia egina zuen; tartean, herritarren artean proiekturako dirua batzea.

Hain zuzen ere, batzordeko kideen aurreikuspen onenak ere gaindituta, 74.000 euro inguru jaso zituzten.

Besteak beste, teilatua eta fatxadak birgaitu, eliza azpiko etxearen erreteila egin eta kanpandorreko erlojua aldatu egin dute orain arte. Oraindik bigarren eta hirugarren faseko lanak falta dira; izan ere, Rafael Eizagirre lehengo Antzuolako parrokoak esan zuen moduan, parrokia goitik behera berritzea zen asmoa: "Beste 40-50 urtean eraberritze lan gehiago egin behar ez izateko".

Bigarren fasea

Berritze lanen ardura duen herri batzordeak adierazitakoaren arabera, bigarren faseko lanak egiteko hilabete batzuk itxoin beharko dute antzuolarrek. Lanak hasteko data zehazteke dago, baina baliteke uda partean hastea. Juan Kruz Mendizabal parrokoaren hitzetan: "Aurrekontua borobiltzeko zailtasun batzuk izan ditugu, eta, bestalde, lanak Aste Santu osterako uztea egokiena zela pentsatu genuen". Edozein modutan, batzordeko kide Basili Ormazabalen iritziz, lan handia egiteko dago oraindik: "Gaurkoa ez da sasoirik onena diru eske ibiltzeko, baina jendeari egitasmoa azaldu eta erakundeengana eta partikularrengana joko dugu, lehen egin genuen moduan. Orain arte jasotakoa eskertu beharrean gaude".

Egin beharreko lanak

Bigarren fasean egin beharreko lanak, besteak beste, hauek dira:

  • margotu
  • argindarra eta berogailu sistema aldatu
  • megafonia sistema berria jarri
  • sakristia mezak emateko egokitu (negurako batez ere)
  • organoa konpondu
  • eliza alboko galeria (herri aldera ematen duena) berritu
  • komuna jarri

Era berean, aldare inguruko presbiterioarekin eta elizako zoruarekin ere zer egin aztertzen dabiltza batzordean.

Ondoren, hirugarren fase baten, erretaula konpontzeko lanak etorriko lirateke, adituen esku utziko lituzketenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak