Antzuola eta Bergara arteko ibilaldia egingo dute domekan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko urr. 21a, 14:40
Antzuola eta Bergara arteko zatia oinez egingo dute domekan. Sagastitik irtengo dira eta aukera izango dute bi herrien artean dauden hainbat azpiegitura handi eta ondare bertatik bertara ikusteko. "Bidegorri berria ezagutzea da asmoa. Horrekin batera, ikusiko ditugu bertatik pasatzen diren azpiegiturak; besteak beste, Beasain-Bergara autobidea eta uren kolektorea", adierazi du Jose Mari Iturbek, Nekazaritzako zinegotziak.

Iturriak eta mugarriak

Antzuolako ondarea ikusteko aukera ere egongo da: Aldabe iturria, Burbinkutz mugarria, Ilunpeko iturria eta Bonbulu indarretxeko ubideak ikusiko dituzte. "Lehengo urak eta hartuneak ezagutuko ditugu", dio Iturbek.
Ibilbidean zehar Jose Mari Iturbek berak emango ditu azalpenak.

Sei kilometroko ibilbidea

Sagastitik Bonbulurainoko zatiak hiru kilometro ditu; hortaz, joan-etorria sei kilometroko ibilbidea izango da. Edonork egiteko moduko ibilaldia izango dela adierazi dute antolatzaileek.
09:00etan irtengo dira, Sagastitik. Eta ez da izenik aurretik eman behar, bertan agertzea nahiko izango da irteeran parte hartzeko.
Ez da lehenengo aldia horrelako ibilaldiak antolatzen dituztena; aurrez, Antzuolako iturrien ibilbidea eta trenaren bidea ere egin dituzte.

Bidegorria, amaitzear

Bidegorria ia amaituta dago; oraindik, argiak eta beste zenbait detaile jartzea falta da. Laster amaituta egongo da, eta herritarrendako erabilgarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak