Antzuola eta Aiherra senidetu zireneko 25. urteurrena ospatzen hasiko dira urriaren 11n

Irati Agirreazaldegi 2009ko ira. 30a, 22:32
Astelehenean aurkeztu zituzten Donostian Aiherra-Antzuola senidetzearen 25. urteurreneko ekitaldiak. Urriaren 11n izango dira ekintza nagusiak baina gerora ere izango da bi herrien arteko harremanik kultura arloan.

Astelehenean aurkeztu zituzten Donostian Aiherra-Antzuola senidetzearen 25. urteurreneko ekitaldiak. Aurkezpenean izan ziren Antzuolako eta Aiherrako alkateak, Pedro Iturbe eta Jean Paul Basterretxe; Aiherrako Beltzuntze elkarteko Jean Mixel Barbier eta Juan Antonio Iturbe eta Andre Martinon Antzuolaren eta Aiherraren arteko harremanaren sortzaile eta bultzatzaileak. Han izan ziren 25 urteotan bi herrietako alkate izan direnak ere.

Kontuan hartuta bi herrien arteko harremana Aiherrako Beltzuntze elkarteko eta Antzuolako lagun talde baten adiskidetasunetik sortua dela, senidetze horren bultzatzaileek hartu zuten hitza urteotako bizipenak kontatzeko. Izan ere, 1984 inguruan hasitakoa da aihertarren eta antzuolarren arteko harremana. Nafarroa Behereko eta Gipuzkoako bi herri txiki hauen arteko adiskidetasuna sortu zen Aiherrako Beltzuntze elkarteko zenbait lagunek eta antzuolar batzuk elkar ezagutu ondoren. Adiskidetasun hori gorpuztuz joan da geroztik, eta hastapeneko harreman soilak bi herrien arteko lotura bilakatu dira.

25 urte eta zenbait elkartruke

Hogeita bost urtetan barrena herritarren arteko harreman trukea ez ezik bi herrien artean ekitaldi trukea ere izan da. Horren adibide da bi herriek txandaka urtero antolatzen duten senidetze eguna, Aiherrakoek eta Antzuolakoek elkarrekin egiten duten egunpasa. Baina bestelako ekintzak ere trukatzen dituzte: herriak eta inguruak ezagutzea, antzerki saioak, kantaldiak, hitzaldiak, erakusketak, pilota partiduak...

Euskal herritarrak izan arren, elkarren arteko ezagutza sarritan oso urria dela eta hori landu beharra dagoela ikusten dute. Batetik, gehienetan tokia bera delako ezezaguna batzuentzat zein besteentzat eta, bestetik, egoera sozio-ekonomikoa, euskara... zeharo egoera ezberdinak dituztelako. Hortaz, horien berri izan eta elkarri laguntzea da senidetze horren helburua.

Gainera 25. urteurrenarekin, ospatzeaz gain, harremanaren jarraipena bultzatu eta sendotu nahi dituzte: eskoletako umeen artekoak, gazteen artekoak, kirol elkarteetakoak, etab.

Adierazpena

Bizipenak kontatzeaz gain, Aiherrako alkateak Antzuolako udalbatzarrak urriaren 7ko osoko bilkuran onartuko duen adierazpena irakurri zuen eta Antzuolako alkateak urteurrenaren harira egingo diren ekitaldien berri eman.

Herri bien arteko harremana Antzuolako Udalak hasiera-hasieratik babestu eta bultzatu zuen arren, Aiherran Beltzuntze elkarteak hartu zuen bere gain, 20. urteurren arte. Orduan, 2004an bihurtu zen bi herrien arteko harremana ofizial. Harreman horien ondorioz, Antzuolako kale bati Aiherra deitzen zaio.

Ofizialtasun horretatik etorri da adierazpena edo agiria. Adierazpen horretan besteak beste eskerrak ematen dizkiote Andre eta Aña Mari Martinoni eta Juan Antonio Iturbe eta Ima Beristaini harremana hastearren, diote "herritarrek sustatutako harremana, herritik sortua eta azkartua, gure altxorra", dela. Bestalde, herritarrei eta elkarteei harremana indartzeko eta urteurreneko ekitaldietan parte hartzeko deia egiten diete eta etorkizuneko Udal hautetsiei senidetzeari laguntzen jarraitzeko.

Egitaraua

Urriaren 11n izango dira ekitaldi nagusiak baina gerora ere ez da ekintzarik faltako urteurrenaren harira.

Urriak 11, domeka

Ekitaldi nagusia Antzuolan
  • 11:00 Aihertarrak Antiguara iritsiko dira. Hamaiketakoa.
  • 12:30 Txistulariekin batera plazara jaitsi. Han ongi etorria dantzariekin. Antzuolako eta Aiherrako alkateen ongi etorria.
  • 13:00 Herriaren beheko sarreran bi herrien arteko harremana irudikatzen duen seinalea bistaratuko da.
  • Ondoren, Trikitilariekin triki pteoa.
  • 14:30 Bazkaria pilotalekuan.
  • Bazkal ostean, kantu saioa.

Azaroak 10

  • Gaubela Aiherran. Iparraldeko kantariez eta bertsolariez gain, izango da antzuolarren ordezkaririk: Los viernes al ron.

Abenduak 26

  • Thomas Ospital aihertarraren organo kontzertua, Antzuolan

Otsaila

  • Aiherran, Santa Ageda bezperako bertso eta kantuak, Antzuolarren parte hartzearekin.
  • Antzuolan, bertso saioa, hango zein hemengo bertsolariekin.

Bazkari txartelak

Urteurrenerako kamiseta bereziak ere ipiniko dituzte salgai eta urriaren 11rako bazkarirako txartelak ere salgai daude jadanik, urriaren 7ra arte, herriko tabernetan, gaztetxean, liburutegian eta udaletxean: umeendako sei euroan eta nagusiendako 12 euroan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak