Alfontso Ugarteren bizitza eta obra "azaleratuko" dute

Monika Belastegi Aranzabal 2006ko abe. 18a, 13:08

Barikuan eman zuten aditzera Alfontso Ugarte (Antzuola 1879-Lizarra 1937) musikariaren bizitza eta obra aztertu eta jasotzeko lana nork egingo duen. Antzuolako eta Lizarrako udalek sortutako beka da lanaren oinarri eta Eusko Ikaskuntzak editatu du. Hain justu, Irune Martinezek eta Julene Azumendik hartu dute musikariaren biografia egin eta haren obra katalogatzeko ardura.

Pozik azaldu ziren biak barikuko aurkezpenean, eta baita eskertuta ere, udalek, Eusko Ikaskuntzak eta Ugarteren familiak eurengan jarritako konfiantzagatik. Bekaren sustatzaileek, bestalde, bi neskek egindako memoriari darion sentsibilitatea azpimarratu zuten. Baita Ugarteren familiarekin duten gertuko harremana ere. Bost hilabete barru bukatuko dute lana.

Ahanzturatik berreskuratu

Jose Angel Zabalo Antzuolako alkateak azaldu bezala, "ahanzturara eroandako gauza bati bizitza ematea" da bekaren helburua, eta horretan Lizarra eta Antzuolako udalek elkarlanean jardun izanaren garrantzia azpimarratu zuen.

Lizarrako Udaleko ordezkariek ez zuten ekitaldian egoterik izan, baina bai Ugarteren senitarteko diren Navascues familiako hainbat ordezkarik. Haren bilobek aitaita zenaren figura  ekarri zuten gogora Olaran etxean bertaratutakoen artean.

Antzuolako abesbatzak ere izan zuen lekua ekitaldian. DVDan Ugarteren salbea abesten entzun genituen. Gainera, musikariaren bi Gabon kantu aurkitu dituztela esan zuten, eta ikasten dabiltzala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak