Antzuolako barrutitik igarotzen diren Maltzaga-Zumarraga trenbide zaharreko lursailak erosi ditu Aldundiak

Txomin Madina Milikua 2007ko urriaren 17a

100.000 euro ordainduko dizkio Aldundiak FEVEri lursail horiengatik. Bergara eta Urretxu arteko bidegorria egiteko erabiliko dute.

Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorreko diputatuak eta FEVEko lehendakari den Dimas Sañudok sinatu duten hitzarmenaren arabera, Aldundiak 107407 metro koadro eskuratuko ditu lehengo Ferrocarriles Vascongados trenbide zaharreko 34,865 eta 43,320 kilometro puntuen artean. Antzuolako lurretatik igarotzen da zati hau, eta barnean hartzen ditu trenbidearen berezko instalazioak, hala nola, Irimoko geralekua, zubiak eta tunelak.

Carlos Ormazabalek sinadura ekitaldiaren ostean esan duenez, behin lursailak eskuratuta,  proiektua idazketa eta esleitze fasean dago. 2008rako proiektua idatzita eta onartuta egotea aurreikusten dute, eta behin lanak esleituta, Garapen Iraunkorreko departamentuaren asmoa da 2010erako zati osoa zabalik eta erabiltzeko moduan egotea. Antzuolako zatia, Bergara eta Urretxu artekoaren parte da, eta Bergara eta Urretxu artekoa, Bergara eta Beasain arteko bidegorriaren VI. ibilbidearen zati da era berean.

18 kilometro luze izango ditu Bergara eta Urretxu arteko bidegorriak, zabaleraz aldiz, 3,5 metrokoa izango da. Oinez zein bizikletaz erabili ahalko da zati hau, baina zati batzuk ibilgailuentzat ere erabilgarri egongo dira gertuko baserrietara joateko.

Trazatuak 10 tunel izango ditu, eta 60 metro baino luzeagoak diren tunel eta bihurguneek argi seinaleak izango dituzte barruan, jarraitu beharreko bidearen trazatua markatuko duten argi hesolak hain zuzen ere. Eguzki energiaren bidezkoa izango da argiztapena.

7 milioi euroko kostua izango du gutxi gora behera trazatuak, nahiz eta kopuru zehatza ez den jakingo proiektua idatzita eta onartuta egon arte. Carlos Ormazabal diputatuak gogorarazi du, Antzuolakoa dela Gipuzkoako Bizikleta Bideen Sareari buruzko Plana osatzen duten oinarrizko ibilbideetako bat.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak