Aitor Mendizabal irabazle Elgetako lau t'erdiko pilota txapelketan

Mireia Bikuña 2007ko uzt. 2a, 10:44
Giro bikainean eta Elgetako jaien barruan jokatu ziren atzo Elgetako lau t'erdiko pilota txapelketako finalak. Atzo ezkero, txapeldun berriak ditu aipatu txapelketak: Jon Jaunarena, kadete mailan, eta Aitor Mendizabal antzuolarra, nagusietan. Hain justu, Antzuolako pilotariak jaso zituen txalo eta animu gehien. Halaber, nagusien mailako finala jokatu zuen Unai Onsalok ere lagun koadrila ederra eroan zuen Elgetako pilotalekura.

Parekatua eta gogorra

Atzo eguerdian jokatutako bi finaletatik, bigarrena, nagusien mailan, Mendizabalek eta Onsalok jokatutakoa izan zen parekatuena, eta zaleen artean giro beroagoa jarri zuena.

Senior mailako finaleko lehen sakea Onsalok egin arren, partiduko lehen lau tantoak Mendizabalek egin zituen. Hasierako tantoetan, lan polita egin zuen Antzuolako pilotariak. Horregatik guztiagatik, Mendizabal 8-1 eta 10-4 aurreratu zen. Hala, pilotalekuan bildutako zaleek, partidua "azkarra" izango zela aurreikusten zuten.

Bada, guztiz kontrakoa gertatu zen. Unai Onsalok 6-0ko partziala egin zuen (12-4tik 12-10era), eta partidua parekatu egin zen.

Finaleko lehenengo berdinketa 14 tantotara izan zen. Jarraian, Mendizabalek hiru tantoko errenta zabaldu zuen (17-14). Bada, Aresoko pilotariak lehia berdindu zuen (17-17).

Tantoak ederki bukatuz, Aitor Mendizabalek abantaila izan zuen berriro (20-17). Bada, Onsalok berriro berdindu zuen norgehigoka (20-20).

Une hartan, bi pilotarien zaleak oso urduri jarri ziren. Unai Onsalok beheko txapara  botatako pilotari esker, Antzuolako pilotaria berriro aurretik jarri zen, 21-20. Zaleen animuekin egin zuen Mendizabalek azkeneko sakea; bada, Onsaloren erantzuna oso txarra izan zen.

Norgehiagoka azkarra

Kadete mailako finalean, Jaunarena (Leitza) eta Ansotegi (Etxarri Aranatz) lehiatu ziren.

Finaleko lehen errenta garrantzitsua Ansotegik izan zuen (2-5). Edozelan ere, Jaunarenak lehia berdindu zuen (6-6). Berriro, hiru tantoko aldea zabaldu zuen Ansotegik (7-10); eta berriro berdindu zuen markagailua Jaunarenak (10-10). Berdinketaren ondorengo bi tantoak Ansotegik egin zituen (12-10).

Bada, tanto hartan bukatu zitzaizkion indarrak Etxarri Aranazko pilotariari. Handik aurrerako 12 tantoak, jarraian, Jon Jaunarenak egin zituen.

Sari banaketa

Bi partiduak bukatu ondoren, sari banaketa ekitaldia hasi zen. Irabazleek txapelak jaso zituzten, Oxel Erostarbe alkatearen eskutik. Halaber, Aitor Mendizabalek eskopeta bat jaso zuen sari modura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak