Herriari kalteak
Fernando Iturbe AHTaren aurkako kidearen esanetan "AHTk zarata ikaragarria ateratzen du, eta Goizper aldea, Antigua, Errekalde eta Basalde auzoak osasunarentzat kaltegarria den zarata jasan beharko dute. Proiektu horrek Basalde auzoa desitxuratu egingo luke AHT aldenik alden pasako delako eta Aitzabasalde baserria, San Blas ermita eta Erautza baserria suntsitu egingo lituzke". Iturbek zera adierazi zuen: "Kontuan hartu behar da, Aitzabasalde eta San Blas ermitaren artean 100 metroko distantzia besterik ez dagoela, hemendik zubi bat pasatuko da, eta Goizper lantegitik 50 metro baino gutxiagora beste bat". Iturberen arabera, beste kalte bat proiektu hori egiteko erabiliko den materialak sortuko duen zaborra izango da. Horregatik guztiagatik, haren ustez, AHT beharrezkoa den edo ez ikusteko eztabaida soziala egin behar da, proiektu horretarako erabiliko den dirua beste zerbaitetarako erabil daitekeelako, badaudelako, Iturberen ustez, "AHTk baino lehentasun handiagoa duten beste gai batzuk".