AHTren Antzuola eta Ezkio-Itsasoren arteko mendebaldeko tartea, lizitaziora

Txomin Madina Milikua 2010ko uzt. 27a, 17:46

3,5 kilometro pasatxoko luzera du tarte honek eta Trenbideak zeharkatuko duten lurraldea malkartsua dela eta, ia zati guztia tunelean egingo du. bestalde, atzo hasi zen Antzuolan AHTren kontrako XV. kanpaldia.

Euskal Yren Gipuzkoako hiru tarte berri egiteko lizitazio prozesua martxan jartzeko baimena eman du gaur Eusko Jaurlaritzaren kontseiluak, tartean, Antzuola eta Ezkio-Itsaso arteko mendebaldeko tramua.

3,5 kilometro pasatxoko luzera du tarte honek eta berau egiteko ia 129 milioi euroko aurrekontua eta 65 hilabeteko epea izango du lanak adjudikatuko zaizkion enpresak.

Trenbideak zeharkatuko duten lurraldea malkartsua dela eta, ia zati guztia tunelean egingo du. Hobi biko tunela proiektatu da horretarako.

Jaurlaritzaren etxebizitza, etxebizitza eta garraio sailetik iragarri dute gainera, urtea amaitu baino lehen, Bergara-Bergara eta Antzuola-Ezkio Itsaso ekialdea tarteetako lizitazio-prozesuak hasiko dira. 

Kanpaldia, abian

AHTren Kontrako Asanbladak antolatuta atzo hasi zen azpiegitura honen kontrako XV. kanpaldia Antzuolan, musikarekin eta janariarekin hasi ere.

Kanpaldian bildu direnek, trikiti doinuekin kalejira egin zuten herriko kaleetan barna, eta gero, Zurrategi plazan jarritako txosnan bildu ziren denak.

Han bertan, afari berezia egon zen doan gura izan zuten guztientzat. Berezia diogu, izan ere, bertako barazkiak, Lapatza baserrikoak izan ziren, eta ogia berriz, Pikuineta baserrikoak.

AHTren lanen eta berauen eraginen inguruko informazio panelak ere jarri zituzten Zurrategi plazan.

Datorren domekara arte egongo da kanpaldia herrian, eta ordura arte, hitzaldiak, tailerrak, irteerak eta bestelakoak antolatu dituzte, baita Bergarako lanetara manifestazioa ere, zapatu honetan bertan izango dena.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak