AHTren Antzuola-Bergara trazatua aurkeztu dute herrian

Irati Agirreazaldegi 2009ko ekainaren 12a

Joan den astean egin zuen Udalak Abiadura Handiko Trenaren Antzuola eta Bergara arteko zatiko trazatuaren eta proiektuaren aurkezpena herritarren aurrean. "Antzuola osoa ere ez du hartzen; esaterako, San Blas, Basalde ingurua ez du hartzen. Hartuko lituzke Goizper eremua, Altamira baserri ingurua, Errekalde auzoa eta Olaker ingurua gutxi gorabehera Egurrabei baserriraino", azaldu digu Pedro Iturbe alkateak.

Aurkezpenean 70 lagun inguru izan ziren, eta azalpenak emateaz gain, proiektuari alegazioak ipintzeko aukeraren berri eman zieten. "Egitasmo hau gelditzeko bidean denak lanean jartzea da gure asmoa", dio alkateak.

Alegazioetarako epea gaur amaitu da eta asteon udaletxean egon da proiektua ikusgai.

Udalak, alegazioak

Udaletik hainbat alegazio egingo dituzte proiektu horrek aurrera egin ez dezan. Alkatearen esanetan: "Alegazioak egiteko orduan argudiatuko ditugu herritarren ongizatearekin zerikusia duten gaiak: zarata, esaterako; ingurumenarekiko kalteak; enpresei sor diezazkiekeen kalteak: bibrazioak, adibidez; baserri bideak eta ur emariak..."
Gai juridikoak ere hartuko dira kontuan: "Ingurumen inpaktuari buruzko azterketa egin zenetik urte mordoa pasa denez, berriz egin beharko litzateke. Olaker inguruan industriagunea egiteko asmoan proiektuak duen eragina ere alegatuko dugu", dio alkateak.
Proiektuak Antzuola osotasunean aztertzeko modurik ematen ez duenez, alegazioak egiteko  mugak daudela ere salatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak