Aho batez onartu zuten gizarte etxeko araudiaren hasierako proposamena

IratiA. 2008ko api. 4a, 16:47
Ordutegiak eta jatorduek zalantzak eragin zituzten zinegotzien artean, baina proiektua abian ipinitakoan baloratzea adostu zuten. Udalbatzak eguaztenean egin zuen ohiko batzarra eta, besteak beste, Torresoroaren gaineko eta larru ontze eta uhalgintza proiektuaren inguruko erabakiak hartu zituzten.

Torresoroa gizarte etxeko eguneko zentrorako eta etxebizitza babestuetarako araudiaren hasierako onarpena egin zuten aho batez. Eguneko zentroak 12 lagunendako tokia izango du eta zerbitzu hauek eskainiko ditu: higiene pertsonala, mantenua, garraioa, eguneroko bizimodura egokitzeko oinarrizko laguntza, osasun zerbitzuak eta zerbitzu psikosozialak eta animazio soziokulturalekoak. Araudiak eguneko zentroan sartzeko baldintzak, ordutegia eta egutegia eta erabilera arauak zehazten ditu, besteak beste. Ordutegiaren kontua izan zen zalantza eta eztabaida handien sortu zuena. Etxebizitza babestuei dagokienez, jatorduen kontuak ekarri zuen zalantza.   Hala ere, aho batez adostu zuten araudiak onartzea eta biak abiarazitakoan ikustea nolakoa den funtzionamendua eta, horren arabera, egokitzapenak egitea. 

 

Larru-ontze proiektua babestu

Larru-ontze eta uhalgintza proiektuaren lan faseak eta aurrekontuak ipini zituzten mahai gainean gero. Zinegotziek eta alkateak aho batez onartu zuten proiektuari berari babesa ematea, egun lan horretan dihardutenek Udalaren oniritzia izan dezaten, besteak beste, dirulaguntzak eskatzeko. Bestalde, jakinarazi zuten asmoa dagoela proiektuaren jarraipena egiteko lan talde bat osatzeko, udal ordezkariekin eta teknikariekin.
Azkenik, Gehitu elkarteak maiatzaren 17a Homofobiaren eta Transfobiaren kontrako borrokaren nazioarteko eguna izendatzeko adierazpenari baiezkoa eman zioten denek.
Alkatetzaren dekretuen berri eman zuten amaieran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak