Adin guztiei zuzendutako ekitaldiak Aratuste egun hauetan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010eko otsailaren 11

Adin guztiei zuzendutako Aratusteak antolatu dituzte aurten Antzuolan. Etxeko txikienek ekingo dituzte Aratusteetako ospakizunak gaur, egubakoitza. Eskolak antolatuta txokolate eta torrada jana egingo dute herriko pilotalekuan. 16:00etatik aurrera izango da hori.

Afaria gaztetxean

Gazte asanbladak ere egubakoitzerako antolatu du Aratusteetako jai nagusia. Antzuolako gazte asanbladak antolatuta 19:30ean poteo musikala egingo dute herriko kaleetan Gaztetxetik abiatuta. Ondoren, 21:00etan afaria egingo dute Gaztetxean bertan. Afal ostea girotzeko asmoz, Gau Argin taldearen eskutik erromeria izango dute Gaztetxera joaten diren denek.

Aratuste-domeka

Oinarin dantza taldeak Lantzeko inauteriak irudikatu ditu Aratuste-domekan. 10:00etan kalejira egingo dute herriko kale eta auzoetan. 12:30ean, ostera, dantza saioa eskainiko dute Herriko plazan. Lantzeko inauteriaz gain, Antzuolan ohikoa den sorgin-dantza ere egingo dute, eta ez dira faltako hartza, tximinoa eta hezitzailea.


Antzuolan Aratuste-domeka izaten da egun handiena; hala, herritar askok parte hartzen du Oinarin taldearekin batera.

Gaztetxokoko umeak

Bestalde, domekan bertan, 19:00etatik aurrera Gaztetxokoko umeak Gaztetxe aurrean egongo dira pintxoak saltzen. Modu honetan, dirua batu gura dute ikasturte amaieran irteera bat egiteko.

Erretiratuen jaia

Gazteek bakarrik ez, erretiratuek ere primeran pasako dute Aratuste jaietan. Aratuste-martitzenean, erretiratuen elkartean txokolate-jana eta kina jokoa egingo dute.
Erretiratuen elkartekoek deia egin dute mozorrotuta joateko; izan ere, hiru mozorro onenek saria izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak