3,7 milioi euroko aurrekontua onartu dute

Irati Agirreazaldegi 2008ko mar. 14a, 13:19
Udalak 2008rako 3,7 milioi euroko aurrekontua onartu zuen azken udalbatzarrean, baiezko sei botorekin: EAEko bost zinegotzienak eta Zutik-Aralar-Ezker Batuko zinegotzi batena. EAJko hiru zinegotziek eta PSEkoak aurkako botoa eman zuten eta Zutik-Aralar-Ezker Batuko beste zinegotzia, berriz, abstenitu egin zen.

Inbertsiotarako 1.606.870,80 euro izango dira eta bi diru partida nabarmendu dituzte: Torresoroako liburutegia, eguneko zentroa eta zaintzapeko etxebizitzak janzteko 280.000 euro.


Bestalde, Nekazaritza batzordean, baserrietako ur horniduraren eta saneamenduaren lehen faserako 245.800,80 euro aurreikusi dituzte: "Gezia fundazioak diagnosia egiten dihardu uraren kalitatearen eta kantitatearen gainean, eta hortik  abiarazi nahi dugu 2008an proiektua bera", esan digu Pedro Iturbe alkateak.

Bidegorria

Aipatzekoak dira, bestalde, Etxebizitza eta Hirigintza batzordeko hainbat inbertsio: elizako erloju eta tximistorratza, 20.000 euro; Kalegoi urbanizatzea, 12.000 euro; mediku kontsulta, 50.000 euro; eta bidegorria, 30.000 euro. Azken horren gainean, Pedro Iturbek hau esan digu: "Antzuolatik Bergarara doan bidegorria 2007rako egitekoak ziren, baina proiektuak aurrera egin ez duenez, pentsatu dugu lanak bultzatzea. Horretarako, pentsatu dugu bidearen egokitzapenekin hasi eta, besteak beste, Matz-erreka inguruan zubia egitea, nahiz eta jakin Diputazioaren eskumena dela".

Kirol instalazioak

Kirol instalazioak berritzeko 30.000 euro erabiliko dituzte. Eztalan eta frontoian lanak egiteko izango da dirua: "Eztalan kantina eta atletismoko pista egiteko bideratuko dugu zati bat; kantinako lanak aurrera doaz. Udalak ipini du materiala eta herritarrek auzolanean egingo dute kantina bera", azaldu digu alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak