2010eko Udal aurrekontua onartu dute: 3.613.504 euro

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010eko martxoaren 4a

Udal Gobernuaren aldeko botoekin onartu dute 2010eko Udal aurrekontua. Abstenitu egin dira EAJko hiru zinegotziak, Ezker Batua-Zutik-Aralar koalizioko biak eta zinegotzi sozialista. Udalaren aurrekontua izango da 3.613.504 euro. Aurrekontu bateratua, ostera, Antzuolako Udal Etxegintzarena barne, 4.125.848 euro izango da.

Eskolako aterpea

Gastuei dagokienez, eskolako aterpearen inbertsioak hartuko du aurrekontuaren zati handiena; hain zuzen, 819.000 euro. Gastu arruntek ere pisu handia dute aurrekontuan: 2.159.664 euro. 

Kultura

Kultura sailean, langileen soldataz gain, herriko jaiek hartuko lukete aurrekontuaren zati handiena: 44.100 euro (erretiratuen bazkaria eta txirrindulari lasterketa barne). Mundumira jaialdirako, ostera, 6.000 euroko diru partida gorde dute.

Gaztetxea

Aipatu behar da, Gaztetxe berria eraikitzeko diru partida 120.000 eurokoa dela, orain dela urte batzuk adostutakoa errespetatuz. 

Inbertsio aukera mugatuak

Pedro Iturbe alkateak adierazi zuen datozen urteei begira, Udalaren funtzionamendu eta inbertsio aukerak oso mugatuak direla. Hori kontuan hartuta, bi irizpide nagusi izan dituzte aurrekontua egiterakoan: "Herritarrei eskaini beharreko zerbitzu duina alde batetik eta eskolako aterpearen inbertsioa bestetik".

Beste alderdien iritzia

Pilar Etxanizek Ezker Batua-Aralar-Zutik koalizioaren izenean esan zuen eurek egin dituzten proposamenak "erdizka" jaso direla aurrekontuan, eta horregatik abstenitu direla. EAJk, bere aldetik, prozesua kritikatu zuen, batzordeetan batu eta iritziak emateko aukera gutxi egon dela esanez. Paco Morcillo sozialistak,  politika sozialetan egin den murrizketa salatu zuen; baina, bizi dugun egoera kontuan hartuta kontra ez zuela bozkatuko esan zuen. Hala, PSE-EEko zinegotzia ere abstenitu egin zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak