Hala, iragarri dute proiektuaren nondik norakoak herritarrei aurkezteaz gainera, Antzuolan batutako larrua ontzeko gaineko tresnen erakusketa txiki bat eta antzuolarren testigantzetako batzuk entzungai ipiniko dituztela. Argazkiak ere erakutsiko dituzte. Hori guztia 19:00etan hasiko da, Olaran etxean. Antzuolar guztiei zabalik dago eta gonbidatu dituzte, baita ere, testigantzak eman dizkietenak.
Antzuola, aitzindari
Aurkezpenean azalduko dute zein asmo duten interpretazio zentro horrekiko. Gauzatuz gero, Antzuola aitzindari izango da. Josu Tellabide eta Asier Agirresarobe iaz hasi ziren Antzuolako larru ontzearen gaineko aztarnak batzen. Altxorra zuten larrua ontzen jardun zuen Telleria fabrikan; haren ateak itxi zituztenetik, 1965etik, fabrika hartan inork ez du-eta ezer ukitu. Telleriatarrek Udalari eman zioten material dena, dohaintzan. "Guk egin duguna da hori jaso, garbitu eta katalogatu", esan dute etnologoek. Zera gaineratu dute: "Nahi dugu egin errekuperazio historikoa Antzuolako jarduera horretaz. Hala, Telleria fabrika zegoen lekuan, eraikina bota eta etxebizitza berriak egin behar dituzte. Proiektua da etxe berria egiten dutenean hor muntatu larruaren interpretazio zentroa, lehengo jarduera hori berreskuratzeko asmoz eta antzuolarrei eta gipuzkoar guztiendako sortzeko zentro bat jarduera hori zer zen esplikatzeko. Proiektu hori lantzeko bidean gabiltza, orain elkarrizketak grabatzen, larruarekin eta Antzuolarekin zerikusia duten guztiei. Horretaz gain, bideo bat ere egin nahi dugu. Gure helburua da jardunbide hori berreskuratzea, gaur egunera ekarrita. Gipuzkoan ez dago halakorik egiteko beste aukerarik. Hortaz, Gipuzkoan eta akaso Euskal Herrian bakarra litzateke eta antzuolarrak izango dira aitzindari".
Bien bitartean Udala tratuan dabil Telleria familiarekin, interpretazio zentroarendako kokagunea lortu nahian.
Larrua eta Antzuola
Despiezia: XVIII. mendearen amaieran hasi ziren larrua ontzen Antzuolan. Baina, batez ere, XX. mendearen hasieran sekulako indarra hartu zuen jardunbide horrek herrian: "Batez ere, gerran indarra hartu zuen, orduan egiten zutelako soldaduendako materiala. Baina denetik egiten zuten, garai batean larruz egindako materialaren izugarrizko beharra zegoen-eta: behiendako uhalak, zaldiendako, diligentziendako..."
Antzuolan larrugintzan jarduteko bost fabrika izan dira historian: Bareño, (aurrenekoa, 1790ekoa), Galartza Arbulu, Olaran (handiena, Beasainen dago orain), Telleria eta txikiago bat: Arresenekoa. Baina, denborarekin, eta bereziki, industrializazioarekin, ixten joan ziren guztiak. "Jarduera gaur egun ia galduta dago. Gelditzen zaizkigun erreferentzia bakarrak Gipuzkoan dira Olaran (Beasainen) eta Montes (Hernanin), eta zenbait artisau".