Diptiko eta pegatina horiek Kristina Pavok Antzuolako toponimia aztertzeko egindako lana dute oinarri. Izan ere, Antzuolako leku izenak batzea, aztertzea eta horien forma idatzia arautzea izan dira Pavok egindako lanaren helburuak. Herritarrek gehien erabiltzen dituzten izenak jaso eta eskura ipini nahi izan ditu Udalak ekimen horrekin.
Lana otsailean kaleratu arren, aspaldikoa da beharra. "Irimoegi auzoaren izena, esaterako, ez zegoen finkatuta. Baserritarrei eurei galdetuta ere sekulako izen dantza azaldu zen eta arautu beharra zegoen", esan digute Euskara Zerbitzuan.
Ahozkoan eraginik ez
Udaletik azpimarratu nahi dute esku-orrietan idatzizko formak datozela; beraz, ez duela zertan eragin ahozko erabileran. Horren adibide modura esan digute, "herriko auzo berri baten izen arautua Mañarieta da. Beraz, helbidea idazterakoan edo izena idatziz jaso behar denean horrela erabiliko dugu. Baina ahozko erabileran ez du zertan eragin. Batzuek Manitta esaten jarraituko dute, beste batzuek Manitxa eta besteek Mainitta". Toki izen horiek jendeari jakinarazteaz gain, horiek erabiltzeko gomendioa ere egin nahi diete herritarrei, zuzentzat horiek onartu baitituzte.
Toponimia Liburua
Bestalde, antzuolarrei gogorarazi nahi diete otsailean Euskaltzaindiak aurkeztutako Antzuolako Toponimia liburuaren zuzenketekin eranskin bat argitaratu dutela eta eranskin hori eskuratu nahi dutenek udaletxera, liburutegira edo Itzar liburu dendara jo behar dutela.