Oinezkoendako egurrezko zubia ipini dute Beheko Auzoan

Asier Alkorta 2006ko ekainaren 28a

Gaur jarri dute Beheko Auzoa Uzarragako bide berriarekin lotuko duen zubia. Kolatutako egur xaflaz egindako zubia 23 metro luze eta 2,50 metro zabal da. Ikusmin handia sortu dute goizean zubia ipintzeko lanek.

Egurrezko zubia pieza bakarrean ekarri dute eta garabi batekin jarri dute dagokion lekuan. Zubia aurrefabrikatua izanik trailer handi batean Antzuolara ekarri eta goizean bertan amaitu dituzte muntaketa lanak.

Zubi berria kolatutako egur xaflaz egina dago (frontoian erabili zuten material bera), eta tratamendu berezia eman diote, kanpoan egonik eguraldiari aurre egiteko.

Beheko Auzoa lotzeko

Zubia oinezkoendako izango da eta hau ipintzeak erraztasunak emango dizkie Beheko Auzoko bizilagunei. Izan ere, aurrerantzean autoa laga ahal izango dute errekaren beste aldeko aparkalekuan eta zubitik auzora joan. Orain artean autoa auzoan aparkatzeko arazoak izan dituzte, leku gutxi dagoelako bertan.

Uzarraga eta Lizarraga arteko errepide berrian asteon jardun dute azken lanak egiten, eta pintaketak amaitutakoan, aurki bidea zabaltzeko asmoa dutela esan digute Udaletik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak