Antzuolako Udalak han gizarte eta kultura etxea eraikitzeko asmoa dauka eta Xabier Legorburu plataformako kideak argitu digun moduan, "Udalarekin biltzeko datarik ez daukagu, baina Udalak proiektua nahiko aurreratuta dauka, eta beraz, lehenbailehen bildu beharra daukagu sinadurak herrian". Hamar egunean bildutako sinadurak aurkeztuko dituzte udaletxean; datorren domeka arte batuko dituztenak.
Herritar ugarik osatzen dute plataforma, eta Legorbururen esanetan, "edonork har dezake parte plataforma horretan zein sinatzerakoan, gure proiektuarekin ados dagoen edonork. Hala ere, herria eta adina eskatzen dugu, Udalari aurkeztean datu zehatzak eman ahal izateko". Plataformakoek ez dute kopuru bat zehaztu, baina sinadura-bilketa bide onetik doala jakinarazi dute.
Aste barruan gehiago
Asteburuan zehar zentroan jarri dute plataformakoek mahaia, baina astean zehar enpresetara eta auzoetara ere hurbilduko direla sinadura bila aurreratu zuten. "Ahal dugun guztia egin behar dugu oso denbora laburrean", dio Legorburuk. Herritarren parte-hartzea ere eskertu nahi izan du.