Antzuolako ondarea berreskuratzeko bidean, hiru liburu aurkeztu dituzte

A.G. 2006ko eka. 5a, 10:41
Antzuolako Liburutegia bildumako lehenengo hiru liburuak dira. Iñigo Ramirez de Okariz, Jose Mari Iturbe eta Jose Luis Santamaria dira egileak. Barikuan aurkeztu zituzten.

Lurretik mahaira, Antzuolako trena eta Maristak Antzuolan izenburuak dituzte Antzuolako Udalak kaleratu berri dituen hiru liburuek, eta herrian eragin nabarmena izan duten hiru gai jorratzen dituzte: gari-batzea, trena eta maristak, hurrenez hurren.

Aurkezpena

Barikuan aurkeztu zituzten liburuok, Olaran etxean, eta ekitaldian parte hartu zuten egileetako bik, Iñigo Ramirez de Okarizek –hiru liburuen egilea da– eta Jose Mari Iturbek –Lurretik mahaira liburuaren egile Okarizekin batera– eta Jose Angel Zabalo Antzuolako alkateak. Hirugarren egileak, Jose Luis Santamaria marista eta dokumentalistak, ezin izan zuen ekitaldira joan –Maristak Antzuolan liburuaren egilea Okarizekin batera–.

Zabalo alkateak hartu zuen hitza lehendabizi, eta eskerrak eman zizkien egileei "musu-truk egindako lan guztiarengatik". Horrekin batera, liburuek gordetzen duten altxorra nabarmendu zuen: "Mardulak ez izan arren, daukaten mamia handia da", esan zuen. Izan ere, herriko kultura ondarearen zatitxo bana batzen dute liburuek, "batu ezean galdu egingo zirenak".

Jose Mari Iturbek Lurretik mahaira gari-batzearen gaineko liburuaz berba egitean horixe aipatu zuen: "Halako lanak eginda konturatzen gara lehengoaz zenbat galdu dugun eta zenbat galtzen ari garen", eta, umorez, gehitu zuen: "Orain, garia erein nahi duenak liburuan ditu horretarako instrukzioak".

"Antzuolako liburutegia" bilduma berria

Antzuolako Udalak herriko ondarearekin lotuta orain arte kaleratu dituen liburuak Antzuola Herria Ikerketa Bekaren barruan izan dira. "Mardul, serio eta oso zientifikoak", Iñigo Ramirez de Okarizen esanetan, eta "denbora eta diru aldetik kostu handikoak". Bestalde, "badira herrian hainbat gai, askoz era sinpleagoan eta errazagoan azter eta aurkez daitezkeenak". Hori horrela, halako liburuak batuko dituen Antzuolako liburutegia izeneko bilduma sortu dute eta barikuan aurkeztutako hirurak dira bildumako lehenengoak. Bilduman kondentsatuko dira "antzuolarren izaera, usadioak eta ohiturak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak