Ekainaren 30era arte izango dute interesatuek agiriak aurkezteko aukera. Ordura artean agiriak prestatzeko laguntza zerbitzua eskainiko dute astelehenetik egubakoitzera 10:00etatik 14:00etara bitartean Olaran etxeko lehen solairuan. Bestalde, zalantzak argitzeko eta aurrez txanda eskatzeko telefono zenbakira honetara dei daiteke: 617 285 580. Baldintza Pleguak ere bertan jaso daitezke.
Antzuolarrek lehentasuna izango dute etxebizitzok eskuratzeko orduan; bestalde, kontuan hartuko dira eskatzaileak ezintasunen bat izatea, familia ugaria izatea eta beste zenbait baldintza.
Guztira, bost solairu izango ditu eraikinak. Beheko solairuan lau etxebizitza egongo dira; horietako bi terraza handiekin. Etxebizitzarik txikienak 54 metro koadro izango ditu eta 88 metro koadro handienak. Gainontzeko lau solairuetan 82 metro koadro eta 94 metro koadro arteko etxebizitzak egingo dituzte. Eraikineko etxe txikienak bi logelakoak izango dira, gainontzekoak, berriz, hirukoak.
Etxebizitzez gain, hogei trasteleku ere izango dira teilatupean. Jolasleku gorriaren azpiko garajeak ere etxebizitzen jabeei esleituko zaizkie.
Etxebizitzen bataz besteko salneurria 180.000 eurokoa da.
Gimnasioa
Eguzki auzoko eraikin berrian etxebizitzez gain, gimnasioa, gazte txokoa eta oraindik zertarako izango den zehaztu ez duten beste lokal bat egongo dira.
Etxebizitzak egiteko lanak irailean hasteko asmoa dutela azaldu digute Udalean; eta eragozpenik ezean, gutxi gorabehera urte eta erdian amaituta izango dira lanak.
Udalean esan digute, "etxebizitza hauekin neurri batean herritarren eskaria beteko dugu".
Etxe gehiago
Eguzki auzokoak Udalak babestutako etxebizitzak izango dira, baina herrian etxebizitza libreak ere eraiki dituzte eta beste batzuek egitekotan dira. Beheko auzoko hamaika etxebizitzetako giltzak eman dituzte jadanik; Larrugintza lantegia zegoen tokian etxeak eraikitzen dihardute eta Sallabenten elkarri atxikitako zortzi etxe egingo dituzte. Bestalde, herrian zenbait etxe zahar berritzeko eskariak jaso ditu Udalak.