Palmera, hagina eta beste 12 zuhaitz Sagastiko berdegunean

Irati Agirreazaldegi 2006ko apirilaren 7a

Sagasti auzoko berdegunea pixkanaka itxura aldatzen ari da. Etxeen arteko lur zatian berdegunea ipintzeko asmoa aspaldikoa da, baina etxeak amaitu arte ez dituzte egokitze lanak egin.

Palmera, Kalebarrenen, Martin okindegiaren aldameneko zubian, zegoen, baina errekako obrak direla eta kendu egin dute bertatik eta bota beharrean Sagastin birlandatzea erabaki dute. Palmera nahiko bitxia da eta era berean bitxi egiten du orain artean zubi gainean landatuta egon izanak berak.

Hagina, berriz, Lizarraga auzoko Ugarte Torre baserriaren ondotik kendu dute bertan zenbait lan egiten hasi direnean, eta hau ere Sagastin birlandatzea erabaki du Udalak.

Espaloia

Sagastiko berdegunearen proiektua aspaldikoa da eta gutxi falta da dena gertu izateko. Oraingoz, ez da beste inolako osagarririk ipiniko bertan. Hala ere, berdegune honen aldamenean espaloiak konpontzen dihardute orain. Izan ere, bi espaloiren arteko etena zegoen eta oinezkoek nahikoa oztopo izaten zuten bertatik ibiltzeko. Sagastiko beste berdegunean egingo duten kultur eta gizarte etxearen proiektua ere aurrera doa. Behin egindakoan eraikinaren inguruan ere egongo da gune berdea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak