Iker Galartza eta Joseba Usabiaga dira aktoreak. Biak hala biak Goenkale telesaiotik ezagunak. Tomas postariaren eta Tximista-ren paperak egin dituzte hurrenez hurren.
Soldadutza gaitzat hartuta
Oraingoan, ordea, bestelako paperekin datoz. Izan ere, soldadutzaren gaineko parodia egingo dute Galartzak eta Usabiagak.
Algezirasen egingo dute topo bi euskaldunek soldadutzan; bata amaitzekotan eta bestea hasi berritan. Gau batean elkarrekin esperientziak eta bizipenak konpartituko dituzte.
Ernesto Caballeroren jatorrizko Retén antzezlana itzuli eta egokitu du Iker Galartzak. Berak dio soldadutzaren absurdua islatzen duela antzezlan honek. Soldadutza abiapuntutzat hartuta herriminaz, adiskidetasunaz eta beste zenbait balorez jardungo dute protagonistek.
Obrak baditu bere umore puntuak ere. Beraz, antzerkiaz gozatu nahi duenak Olaranen izango du horretarako aukera. Ikuskizunerako sarrera doanekoa izango da.