‘Eman eta gero’ izeneko txotxongilo lana zapatuan umeendako

Usoa Agirre 2005ko aza. 17a, 09:22
Enkarni Genuaren txotxongilo taldea arituko da zapatuan 18:30ean Olaran etxean. "Eman eta gero" izeneko lana eskainiko dute. Obra horrek solidaritatea aldarrikatzen du. 3 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendutako ikuskizuna da.

Enkarni Genuaren taldeak Antzuolan eskainiko duen lanak solidaritatea aldarrikatzen du. Mahai baten gainean diharduten txotxongiloekin, argi beltzezko efektuekin, diapositibekin, kutxa eta beste ezusteko batzuekin umeek eta ez hain umeek dituzten hainbat kezkaz mintzo da lana: Egia da Lurra guztion etxea dela? Mundua hobeto ibiliko litzateke denok bultza egingo bagenu? Norbera aberasteko bidea da ematea? Kezka horien erantzunak ematen saiatzen da obra.

Liburuan oinarrituta

Eman eta gero liburuan oinarritutako txotxongilo emanaldia da zapatukoa. 1997an argitaratu zuen Enkarni Genuak liburua eta Marikris Marikriseiluren nondik norakoak kontatzen ditu 64 orrialdetan.

Berrogei bat minutuko iraupena izango du ikuskizunak eta 3 eta 10 urte bitarteko umeei zuzenduta dago. Euskaraz izango da.

Urte askoko ibilbidea

Hogeita hamar urte baino gehiago daramatza Enkarni Genuak herriz herri, antzokiz antzoki, txoko guztietako haurrak bere txotxongiloekin liluratzen. Hogeitik gora obra eta hogeita hamar bat liburu eta disko dauzka Donostiako emakume titiritero honek. Bereak dira, adibidez, haur eta gazte literaturako Erreka Mari, Altxor bat patrikan, Ipurtargi: azken eta putz xagutxoak eta Ku-ku ku-ku aitonaren erlojua kontakizunak. Argitaratu dituen kontakizun horietako asko txotxongilo emanaldietan ikusi ahal izan ditugu gero eta batzuk herrikoi ere bihurtu dira, Erreka Mari-rena, adibidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak