Datorren urterako ordenantza fiskal berriak onartu ditu udalbatzarrak

Aintzane Irizar 2005eko azaroaren 14a

Zergak eta tasak arautzen dituzten ordenantza fiskalak aldatzea onartu zuen aurreko astean udalbatzarrak. Horrela, 2006. urtean, zaborraren tasa, esaterako, %17,62 igoko dute, Mankomunitateak halaxe erabakita; etxe bakoitzeko 60 euro ordaindu beharko dugu.

Zerga eta tasa ia guztiak aldatuko dituzte eta igoeraren bat aplikatuko zaie, udalbatzarrak halaxe erabakita, 2006. urterako. Guztiak banan-banan aztertzea ezinezkoa denez, aipagarrienak azalduko ditugu jarraian.

Aldaketak zergetan

Zergei dagokienez, honako aldaketak izango ditugu. Ondasun higiezinen gaineko zergarekin hasiko gara: industriarako ez diren ondasunen kasuan, 2005eko tipoa %0,185 zen; 2006an izango da %0,19. Landa-lurrean dauden ondasunen tipoa ez da igoko.

Ibilgailuen zergei dagokienez, honakoa izan da erabakia: 14 zaldi fiskalera arteko ibilgailuen kasuan, %2,8 igoko dira zergak. Potentzia handiagoko ibilgailuen kasuan, gehiago igoko dira.

Tasetan ere aldaketak

Batetik, zabor bilketa eta errausketa zerbitzuari dagokion tasa daukagu; Mankomunitateak hartzen du horren gaineko erabakia: 2006. urterako, igoera izango da %17,6, eta etxebizitza bakoitzak urtean 60 euro ordaindu beharko ditu. Aurten 51 euro ordaindu dugu zerbitzu horregatik. Gainerako tasa gehienek aurrez ikusten duten Kontsumo Prezioaren Indizearen araberako igoera izango dute: %3,6, hain justu. Tasa horietako batzuk dira honakoak: agiriak luzatzeagatik ordaindu beharreko hainbat tasatan; negozioak zabaltzeko baimenak emateagatik; taxi lizentziagatik; hirigintza baimenak emateagatik; etxez etxeko zerbitzuagatik; frontoia erabiltzeagatik. Horiek guztiak dira aldaketetako batzuk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak