Gizarte eta kultura ekipamenduen gaineko proposamena egin du Gertu Gaek

Aintzane Irizar 2005ko urr. 13a, 14:58
Gertu Gae plataformako kideek prentsaurrekoa egin dute oraingo astean; hantxe, gizarte eta kultura ekipamenduen beharrei aurre egiteko eurek proposatzen duten irtenbidea azaldu zuten. Olaran etxea erabiltzea proposatzen dute, besteak beste.

Udalak oraindik behin betiko proiektua aurkeztu ez duen arren, behin behinekoaren berri eman zigun duela hilabete batzuk. Orain, Gertu Gae plataformak bere proposamena egin du.

EAJ-EAren asmoak

EAJ-EAren proiektuaren arabera, Eguzki eta Beheko auzoen artean, Udalak bultzatutako etxebizitzak eta kultura eta gizarte ekipamendu batzuk izango dituen eraikina egingo dute. Sotoak ia 700 metro koadro izango ditu eta gainerakoek 400. Sotoa kultura eta gizarte ekipamenduetarako erabiliko dute; gainerakoak, etxebizitzak izango dira.

Bestalde, Sagastin beste eraikin bat egingo dute eta hantxe jarriko dituzte gainerako ekipamenduak. Hori aurrera eramateko arau aldaketaren prozesua amaitzear da.

Gertu Gaeren proposamena

Horren aurrean, Gertu Gaek bere proposamena kaleratu nahi izan du: “Arau subsidiarioen aldaketetan, geure alegazioak aurkeztu genituen, baina, ez ziguten kasurik egin”, adierazi digu Juan Antonio Iturbe hautetsiak.

Oraindik garaiz gaude izenburuarekin egin zuten prentsaurrekoa, eta izenburu horrexekin banatuko dituzte euren proposamena azaltzeko esku-orriak.

“Gure ustez, gizarte eta kultura ekipamenduak egiteko nahikoa da Guraso Elkartearen eraikina zegoen tokian egingo duten eraikina eta Olaran etxea erabiltzea; ez dago Sagastiko zelaian beste eraikin bat egin beharrik. Sagastin parkea egin behar da gure ustez”, adierazi digute.

Maristena zegoen tokian egingo duten eraikinean, sotoa ez ezik, beheko solairua ere kultura eta gizarte ekipamenduetarako bideratzea proposatzen du Gertu Gaek. Gainera, beharra egonez gero, baita lehenengo solairua ere. Hori guztia eginda etxebizitzak egiteko aukera baldin badago goian, hori ere ondo ikusten dute, baina etxebizitza sozialak egitea proposatzen dute. “Guretako, lehentasuna eman behar zaie ekipamenduei eta ez etxebizitzak eraikitzeari”, azaldu zuten.

Gainera, sotoaren gaineko aldean geratuko den plazatxoa eta kanpo gorria ondo bateratu beharra daude euren ustez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak